Marisa Arriola BIC Gipuzkoako arduraduna, bere bulegoan | Argazkia: Maite Reizabal

Hitz bitan

Marisa Arriola: "Enpresen sorrera gure ongizatearen oinarria da"

Enpresa berritzaile zientifiko-teknologikoen eta barne ekintzailetzaren alde lan egiten jarraitzeko beharra azpimarratu du BIC Gipuzkoako arduradunak

Miramongo Parke Teknologikoan egoitza berria estreinatu zuen BIC Gipuzkoak duela pare bat hilabete, enpresa berrien habi izaten jarraitzeko asmoarekin. Donostian ez ezik, Eibarreko Parke Teknologikoan eta Garaiako Parke Teknologikoan ere dute egoitza. Oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berritzaileen sorreran dirau, besteak beste biozientziei, energiari, mugikortasun elektriko eta jasangarriari, edo industria aurreratuari lotutakoak. Sektore estrategikotzat jotzen direnetan, alegia, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendariaren hitzetan. Eta horietan lanean jarraituko dute.

Zergatik esan ohi dugu gurea ekintzaile herria dela?

Hori esan ohi dugu segur aski, historikoki, batez ere azkeneko bi mendeetan eta baliteke lehenago ere, Gipuzkoa —eta Euskadi— izan delako lurralde bat zeinetan proiektuak martxan jarri dituzten, arriskatu duten, eta kanpora joan eta itzuli direnek negozioak garatu dituzten. Azkeneko urteetan, Mondragon fenomenoa, euskal fenomeno kooperatiboa, nazioarteko erreferente bilakatu da. Euskadin, oro har, nabarmena izan da eta nabarmena izaten jarraitzen du zenbat enpresa berri sortzen diren, batez ere sektore berritzaileetan. Euskadi eta Gipuzkoari buruz aritzean, lurralde ekintzaile eta enpresen sorkuntzarako lurralde batez hitz egiten da horrekin bizi izan garelako, bizi garelako egun, eta bizitzen jarraituko dugulako etorkizunean. Zerbait naturala da. Bueno, ez, naturala ez; indartu beharreko estrategia da. Eta hala behar du. Izan ere, enpresen sorrera gure ongizatearen oinarria da, ekonomikoa, soziala, berdintasunean oinarrituriko bidezko gizartearena, baita demokratikoa, berritzailea eta aurreratua ere. Eta batez ere, profil bati lotutako enpresak: berritzaileak, zientifikoak-teknologikoak, eta etorkizun handiko sektoreetan ari direnak.

Aipatu duzu apustu estrategikoa dela, eta horregatik, hain zuzen ere, espazio ugari dira enpresen sorrera bultzatzeko. Zerk egiten du BIC Gipuzkoa berezi edo zein da zuen apustu estrategikoa?

Gu ez gara bereziak, baina urteak daramatzagu lanean ekintzailetza kultura sustatzeko, baita sentsibilizazioa egiten ere arlo zientifiko-teknologikoko unibertsitateko jendartean. Gainera, eragile publikoa gara. Horrek definitzen gaitu. Gipuzkoako bi administrazioren motor operatiboa gara: Gipuzkoako Foru Aldundiarena , eta SPRI eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustapenaren, Jasangarritasun eta Ingurumeneko departamentuarena. Gure eginkizuna da Gipuzkoako ekintzaile guzti-guztien eskura izatea, baita unibertsitateko eragile zientifiko-teknologiko guztien esku ere, eurak baitira gure bezero nagusienetakoa. Horretarako, erakundeen arteko lankidetza eta harreman publiko-pribatua ezinbestekoak dira. Gainera, azkeneko urteetan, barne ekintzailetza estrategia oso modu irmoan bultzatzen ari gara Gipuzkoako enpresa ehunean, horretarako tresnak sortuta. Horrek guztiak egiten gaitu eragile esanguratsu.

"Euskadi eta Gipuzkoari buruz aritzean, lurralde ekintzaile eta enpresen sorkuntzarako lurralde batez hitz egiten da horrekin bizi izan garelako, bizi garelako egun, eta bizitzen jarraituko dugulako etorkizunean"

Barne ekintzailetzaz hitz egin duzu. Zein rol jokatzen du?

Enpresak dira enpresak sortzen dituztenak. Ekintzaile eta enpresaburuak badira, baina enpresen barruan egitasmo berriak sortu eta sortzen dira. Zentzu horretan, urteak daramatzagu dibertsifikazio korporatiborako sentsibilizazioa eta estrategiak lantzen, ez soilik negozio berriak martxan jartzeko, baizik eta modu natural batean balio erantsiko negozio eredu berriak sor daitezen enpresen barnean. Horretarako tresnak eskaintzen ari gara enpresei, prozedura eta sistematikak ezartzeko. Hala ere, geroz eta zailagoa da enpresa barnetik ekitea, globalizazioagatik, eta abarrengatik. Lehiakor izateko eta negozio ereduetan bereizteko gaitasuna geroz eta konplexuagoa da, eta gu saiatu gara ulertzen, batez ere ekosistema oso aurreratuetan, mundu mailan, nola gertatzen ari diren barne ekintzailetzako prozesu hauek, zergatik, zein babesekin eta nola lagun dezaketen administrazioek. Edozein kasutan, enpresak aldatzen joango dira, eta bihurtu beharko dira barne ekintzaile. Alegia, ez soilik lehiakor eta berritzaile, baizik eta barne ekintzaile. Horretarako dira aipatutako tresnak.

Zenbat enpresa sortzen dira Gipuzkoan urtean?

Enpresa bolumenaz ari bagara, ni ez nintzateke ausartuko esatera zenbat sortzen diren. Nik esan dezaket zenbat enpresek ematen duten alta urtean gure inguruan. Esan bezala, pertsona berritzaileek sortutako enpresez ari naiz, mundu zientifiko-teknologikoari lotutakoak, ikerketa taldeetatik etorritako edo atzerritik itzulitako pertsonek bultzatutakoak, eta planteamendu oso disruptiboekin. Eta, noski, barne ekintzailetzarekin zerikusia dutena ere. Hori da gure kolektiboa. Urtero ikusten ari garenez, batez beste 30 eta 40 enpresa bitartean sortzen direla aipatutako eremuan. Kontuan hartzekoa da, dena den, alta ematen duten enpresa guztiak ez direla fakturatzen hasten lehenengo urtean. Enpresa eta ekintzaile hauen garapen prozesuak oso desberdinak dira.

Alegia, sortzeak ez du esan nahi zuzenean merkatura salto egingo dutenik, zenbaitetan prozesu bat beharko dutelako

Hori da. Batzuk, bai, berehala hasiko dira, baina beste batzuk oraindik urteak beharko dituzte euren teknologiak garatzeko. Esan bezala, oso sektore disruptibotan aritzen diren enpresak dira. Ondorioz, urteak behar izaten dituzte zenbaitetan behar dutena garatzeko, batez ere biozientzietan.

"Normalean, enpresa berritzaileei lotutako literaturan, baita arrisku kapitaleko fondoek diotenez ere, hamar konpainiatatik bizpahiruk diraute bizirik. Gu ikusten ari gara bost eta hamar urteko epean, biziraupen indizea % 60-70ekoa dela"

Batzuk bidean geratuko dira. Zenbat ateratzen dira aurrera?

Babes eta laguntzarako sistemaren helburua da, hain zuzen, sortzen diren eta alta ematen duten enpresak ez daitezen izan soilik berritzaile, lehiakor, eta anbizio handikoak, baizik eta kalitate handiko enpleguak sortzea eta epe luzean iraunkorrak izatea. Bizirautea, alegia. Enpresa habiaren lana da modu sakonean eta ezagutza askorekin laguntzea, proiektua ateratzen denean enpresa horien heriotza-tasa ahalik eta txikiena izan dadin. Normalean, enpresa berritzaileei lotutako literaturan, baita arrisku kapitaleko fondoek diotenez ere, hamar konpainiatatik bizpahiruk diraute bizirik. Gu ikusten ari gara bost eta hamar urteko epean, biziraupen indizea % 60-70ekoa dela. Zergatik? Saiatzen garelako aurre inkubazio eta inkubazio urteak baliagarriak izan daitezen proiektuak sendo jaiotzeko, talde onekin eta finantzazio eta ordainketa estrategia solidoekin.

Pandemian enpresa gehiago sortu direla esan ohi da. Zuek hala nabaritu duzue?

Bai. Argiena biozientziei eta osasunari lotutakoen kasua da. Beharragatik, balio kate osoak bultzada handia jaso du. Edozein kasutan, goi-mailako teknologiari lotutako ekintzailetza berritzailea ez dago zuzen-zuzenean lotuta krisialdiei edo hazkundeari. Bestela esanda, proiektuak heldutasun jakin batera iristen direnean, enpresak sortu egiten dira, nazioarteko merkatuan aritzen direnak, eta estrategikoak diren sektoreetan irtenbideak topatzen dituztenak. Hala gertatu da pandemian jaio diren proiektu askorekin. Zentzu horretan, pandemiak ez die eragin. Bidaiei bai eragin diela, baina hala garatu da telelana, eta nahi duzun tokitik aritzeko aukera. Argi dugu 2019 bukaeratik 2021era, eta batez ere 2020a eta 2021a ekintzailetzaren hazkunderako urteak izan direla, besteak beste kapital publiko-pribatua lortzeko gaitasun handia izan dutelako sortu diren enpresek, bai mundu mailakoa, bai europakoa —laguntza guztiekin—, bai bertakoa.

Enpresa hitza erabiltzen ari zara etengabe. Aldiz, askotan start-up hitza erabiltzen da sortzen ari direnentzat. Zein unetan uzten dio start-up batek start-up izateari eta enpresa izatera igaro?

Terminoen inguruko nahasketa handia da, eta modak ere badira. Nik nahiago dut enpresa berritzaileei buruz hitz egin, edo oinarri zientifiko edo teknologikoko enpresei buruz. Galderari lotuta, Teslaren kasua dugu adibide. Tesla oraindik ere start-uptzat jotzen da, oso enpresa proiektu disruptiboa delako, hazkunde handikoa, adarbakarra, non talentua eta negozio-eredu bera diren garrantzitsuena. Dena den, ez dakit erantzuten, eta nahiago dut horretan ez sartu. Gainera, ez da nire kezka. Erreferentziazko prentsan, egun start-up hitza erabiltzen da. Bueno, ba start-up. Guk, esan bezala, enpresa berritzaile izena erabiltzen dugu, edo oinarri-zientifiko teknologikokoak.

Argi dugu 2019 bukaeratik 2021era, eta batez ere 2020a eta 2021a ekintzailetzaren hazkunderako urteak izan direla, besteak beste kapital publiko-pribatua lortzeko gaitasun handia izan dutelako sortu diren enpresek

Martxoan instalazio berriak aurkeztu zenituzten Miramongo Parke Teknologikoan. Zergatik egin duzue apustu hau?

Instalazio berri hauetan gaude, zorionez, Miramongo Parke Teknologikoak hainbat urte daramatzalako hazten, oso nabarmen gainera. Espazio berriak eraikitzeak denbora bat behar du, eta horregatik beti ez da erraza izan. Beraz, sortu da enpresa berritzaileentzat espazio berriak bultzatzeko eskaera eta beharragatik. Guk bagenuen eraikin bat, parkeak martxan jarri zuen azkenetarikoa, ekintzaileentzat zena. Baina bete egin zen pixkanaka. Proiektu berriak heldu ziren, izugarri hazi direnak, eta bete egin zuten. Eta guk beharrezkotzat jo genuen enpresa horiei gure espazioak uztea. Zentzuzkoena iruditzen zitzaigun. Gu barraskiloak bezalakoak izan gara beti; etxea bizkarrean eraman dugu. Hona, Tandemera, etortzeko aukera sortu zenean, aprobetxatu egin genuen. Eta arrakasta handia izan da. Ia-ia beteta dugu. Bueno, ez dakit arrakasta den edo ez. Azkenean, gutxi barru berriz ere arazoak izango ditugu. Baina ez du axola, parke teknologikoak hazteko estrategia guztiak martxan dituelako. Ez gaude kezkatuta. Edozein kasutan, oso positiboa izan da.

Zergatik da gakoa zuentzat Miramonen izatea?

Parkeak hartu duen formagatik, zientzia, teknologia, berrikuntza, enpresa gaitasuna, aurki ditzakezun hemen. Beraz, elkargune oso aberatsa da eragile zientifiko-teknologikoentzako, berrikuntzako eragileentzako, enpresa sortzen ari direnentzako eta finantzaziorako. Eta testuinguru horretan askotariko dinamikak sortzen ari dira, eta hala behar du. Hemen egon nahi dute enpresek, eta eragile horietako gehienek. Gure kasuan, 6.000 m2 ditugu, ia-ia beteta daudenak. Bio-inkubadora, Viralgenen laguntzarekin sorturikoa, hona ekarri genuen. Eta une honetan 300-400 pertsona dira enpresak sortzen ari direnak, hastapenetan, eta proiektuak garatzen. Horregatik diot arrakastatsua dela: arazo bati irtenbidea eman diogulako, ekosistema berriak sortu ditugulako eta, batez ere, parkean gaudelako. Noski, Miramonen izateaz gain, Eibargo Parke Teknologikoan eta Garaia Parke Teknologikoan (Arrasaten) ere bagara. Eta berrikuntza eta enpresa garapenerako dinamika nagusiak hor sortzen ari dira.

Aipaturiko 300-400 pertsona horiek, soilik Donostian, ala Eibar eta Garaia kontuan hartuta?

Soilik Donostian, 30 bat enpresa sortu dituztenak eta apustu irmoa egiten biozientziengatik. Noski, Gipuzkoako eskualde guztietan sortzen dira enpresak. Baina egia da goi-mailako teknologiari lotutakoak Miramonen, Garaian edo Eibarren izateko nahia dutela normalean. Izan ere, ekosistema garbiagoa topatzen dute, bertan baitira zentro teknologikoak, finantzazio eragileak, eta bestelako enpresa teknologikoak. Egitasmo berriak sor daitezen toki aproposa da.

"Erronka nagusia da agente publiko dinamikoa, proaktiboa eta profesionala izaten jarraitzea, eta soluzioak eta babesa ematen jarraitzea oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berritzaileei, eta Gipuzkoako enpresa ehunari, bigarren honetan barne ekintzailetzarako"

Testuinguruari erreparatuz, zein erronka ikusten dituzue BIC Gipuzkoatik egun eta etorkizunera begira?

Erronka nagusia da agente publiko dinamikoa, proaktiboa eta profesionala izaten jarraitzea, eta soluzioak eta babesa ematen jarraitzea oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berritzaileei, eta Gipuzkoako enpresa ehunari, bigarren honetan barne ekintzailetzarako. Beste erronka garrantzitsua da martxan jarri eta indartzen joatea guretzat gako diren proiektu eta ekintza estrategikoak. Esaterako, aurten abiarazi dugu kirolari lotutako goi-mailako teknologiako huba, eta sendotzen joan nahi dugu. Gipuzkoako PERTE estrategia guztietan ere bete-betean ari gara. Eta ekintzailetza gaitasunari lotutako edozer gauzarekin, hor gaude gu laguntzeko: Mubile mugikortasun jasangarrirako zentroarekin, Ziur zibersegurtasuneko zentroarekin, biozientziei eta osasunari lotutako egitasmoekin... Orain arte eginiko ibilbidea indartu nahi dugu. Era berean, Gipuzkoak Gantt egitasmoa martxan jarri du terapia aurreratuetan eta medikuntza pertsonalizatuan Europako erreferente izateko, eta gu horren lanaren, eta koordinazioaren parte izan nahi dugu. Horiek dira gure apustuak. Eta azkeneko apustu bezala, noski, lagundu nahi diegu enpresei ekintzaileagoak izaten, horretarako sistematikak definituta, eta hori islatu dadin enpresek egitasmo gehiago martxan jarri ditzaten. Horiek dira gure apustu nagusiak.