Argazkia: iStock

Sakonean

Next Generation suspertze-funtsak: digitalizazioa, gobernantza eta, batez ere, jasangarritasuna

Funtsak aukera eskaini diezaieke herrialdeei, eta oro har enpresei digitalizazioa bultzatzeko, baita trantsizio energetikoa bideratzeko ere

Ukrainaren inbasioak agerian utzi du Europak energia-arloan duen ahultasuna eta kanpoko hornitzaileekiko menpekotasuna, kasu honetan, Errusia protagonista nagusi dela. Hirugarrenekiko menpekotasun hori ez da soilik energia-iturrietara mugatzen, pandemiaren lehen uneetan osasun-materialaren urritasunak ere argi eta garbi erakutsi baitzuen hori. Energia-krisi berri honek agerian utzi du premiazkoa dela bestelako iturriak bilatzea, baita energia berriztagarrien garapena bultzatzea eta energia-eraginkortasuneko egungo politikak birplanteatzea ere. Ezegonkortasunak bat-batean eten egin du pandemiaren ondoren bizitzen ari ginen suspertze-prozesu geldoa, Next Generation EU funtsek bultzatutakoa. Baina egoera hau eredu energetikoa aldatzeko aukera bat izan daiteke, gatazkak indartu egin baitu COVID-19ak lehendik nabarmendua zuena, hau da, kontinente zaharrak bere buruarekiko menpekotasun handiagoa izan behar duela, eta gutxiago hirugarrenen baliabideenena. 

Krisi hau gainditzeko abiapuntu baliagarriak izaten jarraitzen dute Next Generation funtsen pean gauzatutako ezohiko neurrien planaren ardatzek ─gizarte-kohesioak, genero-berdintasunak eta, batez ere, digitalizazioak eta jasangarritasunak─ . Suspertze planari lotutako Europako funtsek mugatu egingo dute etorkizun hurbileneko garapen ekonomikoaren eredua, eta, gainera, eredu horretan hazi eta heziko dira datozen belaunaldiak.

Laguntza horiek ez dute konparatzeko moduko aurrekaririk, bai kopuru handikoak direlako, bai Europar Batasuna modu solidarioan zorpetzen delako estatu kide guztien beharrei aurre egiteko. Suspertze-funts horien helburu nagusia da, halaber, Europa modernoago, digitalizatuago eta iraunkor edo jasangarriagorako oinarriak ezartzea, Batasuneko herrialdeen eta enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuz. Digitalizazioa funtsezko tresna izanik, jasangarritasunarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako ekimenak produkzio-sare berriaren motorra dira, sektore moderno eta berritzaileekin. Eta uste dut denok bat gatozela egungo testuingurua aukera gisa ulertu behar dela diogunean. Aukera ez da bakarrik suspertzeko eta hazteko lehendik zeuden mailetaraino. Beharrezkoa da ekoizpen-egitura eraldatzea eta modernizatzea, ekonomia modernoago, erresilienteago eta energetikoki eraginkorragoa egiteko.

ETEentzat aukera bat da trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta gizarte- eta lurralde-kohesioa bultzatzeko

Hasieran esan dudan bezala, aukeren agertoki honetan, enpresei oro har, eta enpresa txiki eta ertainei (ETE) bereziki, lehen mailako eginkizun protagonista dagokie. ETEek trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta gizarte- eta lurralde-kohesioa bultzatu dezakete. Testuinguru horrek errazten du gure inguruko ekonomiak egiturazko gabezia batzuk gainditzea eta ahalik eta azkarren ekonomia eraginkorragorantz igarotzea, baita energiaren ikuspegitik ere. Ekoizpen-sarearen egiturazko erreforma egiteko aukera ere bada, ekonomia modernoago, digitalago eta iraunkorrago baterantz joanez. Era berean, ahalbidetu dezake merkatu berriei heltzea, eta azpikontratista gisa edo trakzio-proiektu handien parte aktibo gisa sartzeko aukera ematen du, hala nola suspertze eta eraldaketa ekonomikorako proiektu estrategikoetan (PERTE). 

Aldaketa horien guztien atzean funtsezkoa izango da gobernantza partekatua. Europako Kontseiluak adierazi du beharrezkoa dela eskualdeak kontuan izatea funts horien banaketan, eraginkorragoak direlako horrelako ekimenen kudeaketan. Bestela, gure enpresek aukera hori galtzeko arriskua egon liteke, funtsen zati bat gobernu zentralei itzuli beharko litzaiekeelako. Lan horretarako, bankuak aliatu estrategikoak izan daitezkeela uste dugu. Finantza-sektoreak funtsezko zeregina izango du erronka horretan, batez ere iristeko eta bere lekura eramateko duen gaitasunagatik. Gure ustez, Gobernu zentralak bankuen laguntza eta gaitasunak erabiliko ditu laguntza horiek garaiz helarazteko. Gogora dezagun behar den garaian eta moduan eman behar direla, eta iritsiko da une bat zeinetan horiek egikaritzeko presa izango dugun. Momentu horretan, guztion beharra izango da. 

Aprobetxatu beharreko aukera historiko baten aurrean gaude. Hori egin ezean, Europako beste ekonomia batzuekiko aldea areagotu egingo da

Horregatik, Kutxabanken 2.000 milioi euroko programa propio batekin osatu ditugu laguntzak, EAEko enpresaburuen hiru elkarteekin (Adegi, Cebek eta Sea) lankidetzan. Lau finantzaketa-lerro aurkeztu ditugu: hasierako inbertsioak, onartutako diru-laguntzen aurrerakina, diru-laguntzez gain finantzaketa-premia gehigarriak osatzeko baterako finantzaketa, eta abal teknikoen lerroa. Gainera, informazio eguneratua duen online plataforma bat dugu, enpresen proiektuetara egokitzen diren laguntzak identifikatzeko haien profilaren arabera, bai Next Generation funtsei lotutako deialdietarako, bai autonomia-erkidegoek deitutako beste batzuetarako. Hori guztia aholkularitza pertsonalizatuko eta kontsultei erantzuteko zerbitzu espezifikoen laguntzarekin osatuta.

Aprobetxatu beharreko aukera historiko baten aurrean gaude. Hori egin ezean, Europako beste ekonomia batzuekiko aldea areagotu egingo da. Arrakastaren faktoreetako bat da finantza-industria lehentasunezko eragiletzat hartzea Europako laguntzak bideratzerakoan. Erronka horretan, Kutxabankek gizarte osoaren esku uzten du bere lankidetza eta ezagutza, ekoizpen-sareak bere egitura-erreformari bermeekin ekiteko helburuarekin, ekonomia iraunkorrago eta eraginkorrago baterantz igarotzeko, krisi energetikoaren testuinguru berrira egokituta.