Argazkia: Lixoné

Ereduak

Lixoné, higiene naturala Adunatik

Landare-estraktudun bitartez, kosmetika zein higienerako produktu natural eta ekologikoak ekoizten ditu Adunan (Gipuzkoan) kokaturiko enpresak

“Gure xaboia modu artisauean egiten da”, dio Iker Belokik, Lixonéko gerenteak. “Hozketa naturalaren bidez, likidotik solidora pasatzen da. Osagai guztiak erreaktore batera bota eta gero, tutu malgu batetik altzairu herdoilgaitzezko molde batzuetan jartzen da likidoa. Bertan 24-48 ordu hozten utzi ondoren, behin solidotuta, xaboia mozten dugu nahi dugun neurrira”. Artisaua da prozesua beraz, eta erabiltzen dituzten osagaiak naturalak dira, landareetatik ateratako olioak batik bat.

Xaboiak bakarrik ez, baina, enpresa gipuzkoarrak kosmetika zein higienerako produktuak ere fabrikatzen baititu. Lau familiatan bereizten du euren produktu gama: higienea (gelak eta xaboiak), ilerako tratamendua (xanpuak), aurpegirako zainketa eta gorputzerako kremak eta olioak. “Produktua guztiak olio naturalekin egiten ditugu. Oliba olioa, mosketa arrosa edo otso-laharra eta argan-olioarekin, besteak beste. Makinaz egiten diren xaboi industrialen prozesua diferentea da, osagaiak ere hala direlako”.

Lau familiatan bereizten du Lixonék euren produktu-gama: higienea, ilerako tratamendua, aurpegirako zainketa eta gorputzerako kremak eta olioak

1986ean jada produktua ekoizten hasiak ziren, baina 1993 arte ez zuten Lixoné izenarekin merkaturatu. Hain zuzen, urte hartara arte (1993) euren xaboiak zuen izena jarri zioten enpresari. Enpresa txikia da egun, zazpi bat langile dira, eta hori dela eta, enpresa handiek egiten dituzte ekoizpen masiboak baino, sorta esklusiboak egiteaz arduratzen dira.

Edonola ere, estatu mailan saltzen du gehienbat Lixonék. Online denda izateaz gain, bezero nagusiak Eroski, Carrefour, el Corte Inglés edota Grupo Uvesco dira. Halaber, hirugarrenentzat ere fabrikatzen du enpresak, hau da, euren marka propioz gain, beste bezero batzuei euren markapean hainbat produktu ekoiztea ere bada Adunako taldearen jardueraren parte. “Eroskiri esaterako, eskuko xaboi pastillak egiten dizkiogu bere markarekin”.

Kosmetika naturala

Lixonek estraktu naturalen ehunekoa ahalik eta altuena bilatzen du euren produktuetan. Alabaina, jakitun dira kosmetika munduan zaila dela produktu erabat naturala eta ekologikoa ontzea. “Beti kimika puntu bat dago”, dio Belokik.

Iker Beloki: “Azkeneko urteetan jendeak gehiago begiratzen du ea produktua naturala den. Produktuaren inguruko ardura handiagoa da eta jendea gehiago zaintzen hasi da”

Dena den, merkatuan eskariak produktu naturalagoak eskatzen dituen heinean, bioteknologiaren bitartez laborategian aztertutako landare, olio zein estraktu naturalekin produktua hobetzen dihardute. “Azkeneko urteetan jendeak gehiago begiratzen du ea produktua naturala den. Produktuaren inguruko ardura handiagoa da eta jendea gehiago zaintzen hasi da”, nabarmendu du.

Higiene eta kosmetika produktuen gorakada

Azkenaldian goranzko joera izan duen sektorea da bai higiene, kosmetika zein perfumeria produktuena. Pandemia osteko garai honetan non jendea berriz kalera gogoz irten den, eguzkitako kremak, kosmetika produktuak eta kolonia zein perfumeen salmentak gora egin dute berriz. IRI aholkularitza agentziaren datuen arabera, % 12,6ko hazkundea izan dute balioan, eta % 10,8koa bolumenean.

Lixonéren kasuan, ordea, benetako gorakada pandemiaren izan zuten: “Orduan eskuak garbitu behar zirenaren ardura handiagoa zegoenez, gorakada handia nabaritu genuen eskuko xaboietan”. Aitzitik, orain, salmentei dagokionez pandemia aurreko erritmora itzuli direla uste du zuzendariak. “Eskuko xaboien kontsumoa zertxobait jaitsi bada ere, aurpegi eta gorputzeko kremak pandemia baino lehenago bezain beste ari gara saltzen orain”.