Bidaian parte hartu duten entitate eta enpresetako ordezkariak | Argazkia: Goierri Valley

Nazioartekotzea

Txilen bidea zabaltzen

Puntako sektoreak garatzen ari dira Txilen. Aldiz, kanpotik osagai asko erosteko beharragatik herrialde interesgarria bilakatu daiteke enpresentzat. Aukera baliatuta, Goierri Valley elkarteko zenbait enpresek prospekzio-bidaia egin berri dute

Txilez hitz egitean, berehala etorriko zaizkigu burura Atacamako basamortuko edo Torres del Paineko paisaiak. Enpresentzat, baina, negozio aukera "interesgarriak" eskaini ditzake herrialdeak. Besteak beste meatzaritza da herrialdeko jarduera ekonomiko nagusienetakoa, BPGaren %11 ekartzen duena, eta mundu mailako meatze enpresa handi eta puntakoenak daude bertan, berrikuntza maila handiarekin. Kobreak herrialdeko esportazioen %45 inguru suposatzen du (2022an), eta litio karbonatoaren esportazioa ere nabarmen hazi zen 2022an — %777, 7.763 milloi dolarreraino—.  Gainera, meatzaritzaz harago, basogintza, eta zehazki, papergintzak ere indar nabarmena dute —mundu mailan produzitzen den zelulosaren %2 inguru ekoizten da Txilen, 3 milioi tona urtean—, baita zenbait elikagaien sektoreak ere.

Hala ere, esportazioek gora egin izanagatik ere —97.491 milioi dolarrekoak izan ziren 2022an, aurreko urtean baino %3 gehiago—, inportazioek are garrantzia handiagoa dute herrialdean —104.407 milioi dolar iaz, 2021ean baino %13 gehiago—. "Txile esportazio maila handia duen herrialdea da, baina baita inportazioa ere. Horrek zer esan nahi du? Han ez dagoela hemen dugun ETE sare handi hori. Osagai asko kanpotik erosten dira, eta hor aukera bat dago", adierazi du Xabier Perez Dorronsoro Goierri Valleyko negozio arduradunak. 

Xabier Perez: "Txile esportazio maila handia duen herrialdea da, baina baita inportazioa ere. [...] Osagai asko kanpotik erosten dira, eta hor aukera bat dago"

Txile da, hain zuzen, Goierri Valley enpresen elkarteak nazioartekotze lanketa berezia egiteko definituriko lau herrialdeetako bat —Frantzia, Alemania eta Mexikorekin batera—. "Herrialde horiek definitzeko abiapuntua da galdetegi bat, 2017an lehen aldiz egin eta duela bi urte eguneraturikoa, non galdetzen zitzaien enpresei zein herrialdetan zituzten planta produktiboak edota komertzialak, proaktiboki zein herrialde lantzen ziren, eta elkarte bezala zein herrialdeetan uste zuten guk proaktiboki zer edo zer landu ahal genuela", azaldu du Perezek.

2023an Txile lehenetsi dute enpresek interesa zutelako. "Izan ere, Goierri Valleyn bazkide diren 11 enpresak merkatu horretan produktuak baitituzte, eta nahiko bolumen altuan saltzen ari dira".

Elkarlana, marka eta aukerak

Hain zuzen, martxoaren azkeneko astean lan-bidaia antolatu zuen Goierri Valleyk Txilera. Hori antolatzeko, lehenik enpresentzat prospekzio lanak egin ditu bertan Global Training beka egiten ari den Ander Goenagak. Gainera Gertuko enpresarekin —ordiziar batek Txilen eta hemen sortuta duena, bi norabideko negozioak planteatzen dituena— lan egin dute. "Santiagon izan gara batik bat, oso herrialde zentralizatua baita, nahiz eta meatzeak iparraldean izan. Horrekin batera Viña del Marrera eta Valparaisora joan gara, bertako iniziatiba interesgarriak ezagutzeko", esan du Goierri Valleykoak.

Hala, helburu hirukoitza izan du bidaiak. Batetik, ekarlana sustatzea eragile interesgarriekin, eta marka posizionatzea. "Elkarte bezala erronketako bat da, mundu mailako edozein eragile interesgarria bada Goierri Valleyn dauden enpresen helburuentzat, eragile horiekin elkarlana sustatzea. Txilen baditugu identifikatuta eragile batzuk, eta haiekin bilerak egin ditugu ea aurrerapausoak ematerik badugun".

Perez: "Txilen baditugu identifikatuta eragile [garrantzitsu] batzuk, eta haiekin bilerak egin ditugu ea aurrerapausoak ematerik badugun"

Bestetik, dagoeneko presentzia duten enpresen marka posizionatzea instituzioetan. "Lehen egunean, hainbat udaletxerekin, erregioetako zuzendariekin, eta CORFOrekin —SPRI bezalakoa— bilera instituzional batzuk egin genituen, eta honezkero presentzia duten enpresei esan genien parte hartzeko", azpimarratu du Perezek.

Azkenik, bertan merkaturik ez duten enpresentzat "agenda paraleloak" antolatu dituzte, "bezero eta kolaboratzaile posibleekin bilerak egiteko. Orain helburua da lanketa egiten jarraitzea, negozio aukerak aurrera ateratzeko esperantzarekin".

Enpresen profila

Guztira Goierri Valleyn parte diren bost enpresa eta erakundek parte hartu dute bidaian. "Handienetako batzuek, Transbiaga eta CAF, esaterako, han jendea dute, eta hango pertsonek hartu dute parte. Aldiz, beste batzuk Goierritik joan dira, Enea —diseinu arloko produktu propioa duena—, Goierri Eskola —urtetan, Tecnicos para Chile programaren bitartez txiletarrak ekarri dituena egonaldia eta praktikak egitera—, eta Gune Mekanizatuak".

Hain zuzen, Gune Mekanizatuakeko gerentea da Alazne Goikoetxea Etxeberria. 2001ean sortua, "mekanizazio soluzio integralak" eskaintzen ditu, batik bat "balbulagintza sektorerako". Haien bezero garrantzitsuenetakoak dira GH eta Ampo. "Espainia mailan ere balbulari batentzat baino gehiagorentzat balbulak egiten ditugu, eta beste enpresa batzuentzako beste mota batzuetako piezak. Ez dugu produktu bat, eta horrek egokitzeko gaitasuna eskatzen du", azaldu du enpresaz Goikoetxeak.

Txilera lehen misioa duela zortzi urte egin zuen Alazne Goikoetxeak [Gune Mekanizatuak], hainbat enpresa handirekin. "Orduan ezagutu genuen gure maila berdintsuko enpresa bat"

Euren kasuan Txilera lehen misioa duela zortzi urte egin zuten, hainbat enpresa handirekin. "Orduan ezagutu genuen gure maila berdintsuko enpresa bat. Oraingo bidaia izan da ikusteko, balorazioa egiteko zein aukera dauden eta nor izango litzatekeen prest kolaborazio aukera hauetan sartzeko. Printzipioz aukerak ikusi dira, eta aurrera begira lanketa polita dago egiteko", dio Gunekoak.

Kolaborazioak aztertzen

"Produktua duenak errazago du nazioartekotze hori lantzea, baina zerbitzuak bakarrik ematen ditugunontzat ez da maila berdinean egiten", argitu du Goikoetxeak. Bestela esanda, "lehen nazioartekotzetzat jotzen zen toki batean ezartzea, baina gurea bezalako jarduera eta enpresa baten ezartzea lantzea oso zaila da, inbertsio eta makineriagatik, besteak beste", nabarmendu du.

Bestelako ikuspegi horrek eskatzen du, berriz, bestelako formulak topatzea, esaterako, kolaborazioak. Baina horretarako ezinbestekoa da, Goikoetxearen iritziz, ezaugarri antzekoak dituzten herrialdeak bilatzea, batez ere Atlantikoaren beste aldeko herrialdeetara jauzia egiteko. "Frantzia eta bai Alemania oso gertu ditugu, eta horiekin azpikontratazioa lantzen da. Baina jada Atlantikoaren beste aldera joanda, epemugak, distantziak eta abar ikusita, zailagoa da. Horregatik baloratzen da kolaborazioa", plazaratu du.

Alazne Goikoetxea: "Lehen nazioartekotzetzat jotzen zen toki batean ezartzea, baina gurea bezalako jarduera eta enpresa baten ezartzea lantzea oso zaila da, inbertsio eta makineriagatik, besteak beste"

Kolaborazio horren helburua da harrezkero bezero direnei eta beste bezero posible batzuei zerbitzua eskaintzea, "ez Euskal Herrian eginda, baizik eta hango gure enpresa kolaboratzailearekin. Kolaborazio horri elkarte forma-edo ematen zaio, eta laguntza, ezagutza eta know how hori partekatu ahal dira".

Bere garaian Mexikon proiektu bat egin zuen Gune Mekanizatuakek, baina "ikusi genuen gure mailako oso enpresa gutxi daudela. Izan ere, batetik tailer oso xumeak ditugu, garajeetan daudenak, eta bestetik enpresa oso handia, guk egiten dugun jarduera barneratuta dutenak. Oso aukera gutxi ikusten genituen kolaboraziorako", adierazi du. Txilek, ordea, beste testuinguru bat eskaintzen du, "antzekotasun gehiago", bai "maila bereko" enpresak daudelako, baita "produkturik gabeko zerbitzua" ematen duten enpresak daudelako ere.

Esperientzia positiboa

Bidaiak "oso ondo funtzionatu" duela nabarmendu du Perezek. "Oso herrialde irekia da, eta agenda oso interesgarriak antolatu dizkigute, parte instituzionalagoarekin eta agenda paraleloekin. Hemendik aurrera landu egin beharko da, baina aukera asko zabaldu dira". Hain zuzen, "sektore puntakoak izanda, hornitzaile maila nahiko baxua dago orokorrean, eta inportazio asko dituztenez, aukera bat dago bertan, aprobetxatzen saiatuko garena", gehitu du.

Alazne Goikoetxea: "Orain hidrogeno berdearen kontuarekin denak daude oso modu zuzenean harantz begira, puntako lurraldea baita

Gune Mekanizatuakekoak ere herrialdeak eskaintzen eta eskainiko dituen aukerak azpimarratu ditu: "orain hidrogeno berdearen kontuarekin denak daude oso modu zuzenean harantz begira, puntako lurraldea baita, eta 10 edo 15 urtetan oso indartsuak izango dira. Horren ondorioz, uste dut gure bezero garrantzitsuenek bultzada hori aprobetxatu nahiko dutela".

Aukerak esploratzean, hizkuntza ere abantaila da. "Guretzat oso erraza da Txilerekin komunikatzea. Ez da Alemania edo Frantzia, non azkenean baldintzatuta zauden. Beraz faktore asko daude gure alde", plazaratu du.