Christine Lagarde Gobernu Kontseiluaren bilera osteko agerraldian | Argazkia EBZ

FINANTZAK

EBZk %4,5ean mantendu ditu interes tasak

Christina Lagarde buru duen erakundeak ez du eurogunean atzeraldirik aurreikusten, baina hazkunde eta inflazio aurreikuspenak txikitu ditu

Espero zen bezala, Europako Banku Zentralaren (EBZ) Gobernu Kontseiluak interes-tasak bere horretan uztea erabaki du, %4,5ean. Urrian interes-tasak igotzeari utzi zion bankuak, eta oraingoan ere maila berean mantenduko ditu. Hala, erreferentzia tasa %4,5ean geratu da, gordailuena %4an eta kreditu erraztasun tasa %4,75ean.

EBZk bere ekonomia aurreikuspenak ere eguneratu ditu. Erakundeak oraingoz ez du atzeraldirik aurreikusten, nahiz prebisioak zertxobait murriztu dituen. 2023an euroguneko ekonomia %0,6 haziko dela aurreikusi du, irailean adierazitakoa baino hamarren bat gutxiago. 2024an, aldiz, %0,8ko hazkunde iragarpena egin du, irailean baino bi hamarren txikiagoa.

Inflazioaren aurreikuspenak ere jaitsi ditu. 2023an % 5,4 eta 2024an % 2,7, hots, aurreko kalkuluetan baino bi eta bost hamarren gutxiago hurrenez hurren. 2025ean %2,1era eta 2026an %1,9ra jaistea aurreikusi du.

Frankfurten egindako bilera ostean, Christine Lagarde EBZko buruak datorren urtean inflazioa "pixkanaka" jaitsiko dela adierazi du, eta Gobernu Kontseiluak ezarritako %2ko helburura 2025ean gerturatuko dela adierazi du. Hala, inflazioa beheranzko joeran badago ere, Lagardek ez du epe motzean gorakada bat baztertzen.