Global Innovation Day egingo da Donostian azaroaren 9an, "euskal berrikuntzaren hitzordu nagusia"

Zientzia, teknologia, gizarte eta kultura eragileak bilduko dira bertan, berrikuntzaren garrantziaren berri emateko

Global Innovation Day 2022 | Argazkia: Innobasque Global Innovation Day 2022 | Argazkia: Innobasque

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak urtero antolatzen duen Global Innovation Day "euskal berrikuntzaren hitzordu nagusiaren" hamaikagarren edizioa egingo da Donostiako Kursaalen azaroaren 9an. Joera zientifiko, teknologiko, sozial eta kultural nagusietako eragileak elkartuko dira bertan, berrikuntzak garapen ekonomikoaren motor gisa duen garrantzia gizarteari aditzera emateko.

Iñigo Urkullu Lehendakariak itxiko du topaketa, eta aurretik, talentua garatu, erakarri eta atxikitzean jarriko da arreta, "talentu hori Euskadi lurralde berritzaile gisa kokatzeko oinarria baita". Donostiako Kursaaleko Ganbera aretoan egingo da topaketa, 10:00etatik 13:00etara, eta parte hartu nahi duten herritar guztiek eman dezakete izena Innobasqueren webgunean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jardunaldia Manuel Salaverria Innobasqueko presidentearen ongietorriarekin hasiko da, eta euskal ekosistema berritzailearen transmisio uhal gisa Innobasquek duen zeregina deskribatuko du.

Ekitaldiak bi euskal talentu handi elkartuko ditu "elkarrizketa bizia" izan dezaten: Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria eta Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center (DIPC) fundazioko presidentea. Horrez gain, Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak 'Talentua, berrikuntzaren motorra' izenburuko mahai ingurua moderatuko du.

Halaber, Global Innovation Day topaketaren hamaikagarren edizioan protagonista izango dira hautatu diren ekimen berritzaileen bultzatzaileak, eta berrikuntzaren esparruan kasu praktikoak aurkeztuko dituzte.

Guztira, hamar kasu arrakastatsu azalduko dira: lau industriaren, zientziaren eta teknologiaren arlokoak, hiru kulturaren eremukoak eta beste hiru hezkuntzaren esparrukoak. Horiek guztiak, kasu praktikoen deialdira aurkeztu eta deialdi horretan eskatzen diren baldintzak betez gero, Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan sartuko dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK