300 langabe baino gehiago izango dira Gipuzkoako Ganberako VI. Enplegu Azokan

Azokan parte hartuko duten enpresek stand bat izango dute eurekin lan egiteko interesa duten pertsonekin elkarrizketa laburrak egiteko

Gipuzkoako VI. enplegu azoka | Argazkia: Gipuzkoako Ganbera Gipuzkoako VI. enplegu azoka | Argazkia: Gipuzkoako Ganbera

300 langabek baino gehiagok hartuko dute parte Gipuzkoako Ganberako Enplegu Azokan. Asteazken eta ostegun honetan Donostian ospatuko den seigarren edizio honetan 44 enpresa gipuzkoarrek hartuko dute parte. Tartean izango dira Bexen Medical, Ceit, Deloitte, Euskadimpleo, Fagor Ederlan Group, Grupo Orona, Gureak edota Ingeteam bezalako enpresak. Baita Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkartea, Eroski, Adecco Fundazioa, Kirol Taldea, Laboral Kutxa edota Hotel Londres bezalakoak ere.

Enpresek stand bat izango dute eurekin lan egiteko interesa duten pertsonekin elkarrizketa laburrak egiteko. Enplegu-eskatzaileek, aldez aurretik, enpresek une honetan aktibo dituzten eskaintzak ezagutu ahal izan dituzte eta eurekin topaketa bat izateko eta curriculuma aurkezteko aukera izango dute.

Azokak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntza du, eta Kualifikazioko eta Enpleguko Programa Integralaren (PICE) parte da. Programa hori Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du, Espainiako Ganberak Gazteen Enplegurako Programa Operatiboaren barruan sustatutako PICE Programaren bidez.

PICE programak 30 urtetik beherako gazteak gaitzea eta lan-merkatuan sartzea du helburu. Programak Trebakuntza Planean eta Mugikortasun Planean parte hartzeko aukera ematen die.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK