Analogikoa digitalari aurrea hartzen

Azken urteotan, industria digitala eta argazkigintza analogikoa berpizten ari dira gero eta digitalizatuago dagoen mundu honetan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Egungo mundu digitalizatuan, momentuan dena edukitzera ohituta gauden honetan, esaterako, poltsikoan milioika abesti edukitzera edota edozein unetan argazkiak atera ahal izatera, analogikoa modan dago berriro. Binilozko diskoen salmentak CD guztien salmentak gainditu ditu aurten eta argazki kamera analogikoek digitalek baino gehiago saltzen dute. Retroren industria inoiz baino gehiago dago modan, nahiz eta duela hamarkada batzuk moda hori amaitutzat eman.

Denda handi batzuetatik buelta bat ematea aski da modak itzultzen ari direla konturatzeko. Askorentzat denboran zehar bidaiatzea bezalakoxea da musika sailean biniloak berriz ere apaletan ikusgai daudela ikustea. Beste askorentzat berrikuntza handia da, adin txikia dutenek, ez baitute inoiz ikusi gaur egun vintagedena. Teknologia eta gailu modernoenek bat egiten dute gaur egun beste mende batetik ateratako musika-formatuekin. Musikaren industriak eraldaketa handia jasan du azken hamarkadetan: zinta magnetikoetatik CDetara pasa, pirateria jasan eta streamingean amaituz. Itxura guztien arabera, formatu fisikoak desagertzear ziren. Nork ordainduko du disko bat, erlojuan milioika abesti izanda? Batzuetan gizakiok modu bitxian jokatzen dugu, eta badira urte batzuk formatu fisikoa indartsu itzuli dela. Musikazale gehienek jada ez dute CDa erosten, biniloak erosten dituzte, eta artista handiek formatu horretan kaleratzen dituzte abesti berriak. Autoetan erabiltzen ziren musika zinta magnetikoak ere bigarren gaztaroa bizitzen ari dira, askok diote formatu horretan grabatutako musikaren kalitatea berezia dela.

Autoetan erabiltzen ziren musika zinta magnetikoak ere bigarren gaztaroa bizitzen ari dira, askok diote formatu horretan grabatutako musikaren kalitatea berezia dela

Poltsikoan bi kamera baino gehiago dituen sakelako telefonoa izanda, nork pentsatuko zuen argazki analogikoa berriro modan jarriko zenik? 35mmko karreteak dituzten antzinako kamerak oso objektu gutiziatu bihurtu dira azken urteotan. Formatu horretako karreteak erosten saiatzea nahikoa da dagoen eskari handiaz jabetzeko. Eskari handiaren ondorioz, prezioek gora egin dute. Argazki-dendetan gero eta bezero gehiagok eskatzen dute karrete bateko argazkiak errebelatzea, berdin dio duela 20 urte baino gehiago iraungita badaude ere. Polaroid kamerak ere boom bat jasaten ari dira. Arraroa da 90eko eta 2000ko hamarkaden artean jaiotako gazte batek halako kamerak gustuko izatea. Hori dela eta, argazki kameren marka asko berrasmatzen ari dira eta duela hamarkada batzuk deskatalogatutako modeloak kaleratzen hasi dira. Kamera horietako batzuk gai dira argazkigintza analogikoa eta bizi garen mundu digitala lotzeko, gure smartphonera konektatuz eta argazki horiek lainoan dugun galeriara esportatuz.

Argazki kameren marka asko berrasmatzen ari dira eta duela hamarkada batzuk deskatalogatutako modeloak kaleratzen hasi dira

Argazkigintza analogikoan lortzen zen estetika eta sentsazioa gustuko zituzten guztientzat, NOMO CAM bezalako aplikazioak daude, eta horietan hainbat kamera daude, ateratzen ditugun argazkiek kamera analogiko klasikoen antza izan dezaten.

Gizakiok materiala baloratzen dugu, ukitu eta sentitu ahal izatea; horregatik, beharbada, bildumagai gisa balio duten formatu horiek leku bat egiten ari dira nostalgikoenen eta gazteenen artean. Gehien kostatzen dena, hain ugaria ez dena, askoz gehiago baloratzen da. Milaka argazki atera ditzakegu gure smartphonearekin, garrantzirik gabeko unea bada ere; aldiz, karrete-kamera batekin ondo aukeratu behar dugu atera nahi dugun argazkia. Gauza bera gertatzen da musikarekin ere, musika liburutegi amaigabea dugu eskura eta askotan ez dakigu zer entzun. Disko fisiko batzuk besterik ez ditugunez, agian arreta gehiago jarriko dugu eta album bat hasieratik bukaerara entzutea ere planteatuko dugu, abesti batetik bestera saltorik egin gabe.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK