Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza ganberetan presidente berriak izendatu dituzte

Jose Ignacio Zudaire izendatu dute Bilboko ganberako presidente; Mauricio Arregi, berriz, Gipuzkoakoan

Jose Angel Corres Bilboko ganberako orain arteko presidentea (ezkerrean) eta Jose Ignacio Zudaire presidente berria (eskuinean) | Argazkia:  Bilboko merkataritza ganbera Jose Angel Corres Bilboko ganberako orain arteko presidentea (ezkerrean) eta Jose Ignacio Zudaire presidente berria (eskuinean) | Argazkia: Bilboko merkataritza ganbera

Presidente berriak izango dituzte Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza ganberek hurrengo lau urteetan: Jose Ignacio Zudaire Petronorreko kontseilariak hartu du kargua Bilboko Bazkundean; Mauricio Arregi Ormak taldeko kontseilariak, berriz, Gipuzkoakoan. Araban ez da egon aldaketarik, Gregorio Rojorena zen hautagaitza bakarra eta berak jarraituko du presidente karguan.

Zudaire ezaguna da energiaren sektorean, besteak beste, Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidentea ere badelako, eta Industria sailburuordea ere izan zelako. Bilboko merkataritza ganberan, Jose Angel Corres ordezkatuko du orain.

Arregi, aldiz, ekonomian lizentziaduna da eta eraikuntza sektorean eskarmentu handia du. Pedro Esnaola ordezkatuko du Gipuzkoako merkataritza ganberan.

Araban, hirugarren agintaldia izango du Rojok. Dagoeneko izendatu du kontseilu berria eta bertako kide izango dira Arabako enpresa munduan ospe handia duten hainbat izen ere. Tartean dira Emilio Titos (aurki utziko dio Gasteizko Mercedesen lantegiko zuzendari izateari) eta Pascal Gomez SEA Arabako Enpresarien Elkarteko presidentea ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK