Bilboko Portuko kaien elektrifikazio lanak hasi dira

2025ean Bilboko Portuak 30 MWeko potentzia izango du instalatuta edukiontzi, gurutzaontzi eta ferry linea erregularrak jasotzen dituzten Biboko Portuko kaietan

Ontziak Getxoko portuan | Argazkia: Bilboko Portua Ontziak Getxoko portuan | Argazkia: Bilboko Portua

Bilboko Portuko Agintaritzak eta Europako Batzordeak BilbOPS proiektuaren diru-laguntza kontratua sinatu dute, CEF Transport 2021-2027 laguntza-programaren barruan, eta, horren ondoren, Europako aurre-finantziazioaren 5 milioi euro sartu dira lanak hasteko. Ekimen honek 51,8 milioi euroko inbertsioa eskatzen du, eta horietatik %30, hau da, 14,2 milioi, CEF Transport-en deialdi honen bidez finantzatuko dira. Horrez gain, 4,3 milioi euroko diru-laguntza du A5 kai berrirako, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez. BilbOPS proiektuaren lehen lizitazioa 2022aren amaieran egingo da, eta espero da azpiegitura 2025ean martxan jartzea.

Inbertsio estrategiko horri esker, 2025ean Bilboko Portuak 30 MW-eko potentzia izango du instalatua edukiontzi, gurutzaontzi eta ferry linea erregularrak jasotzen dituzten Bilboko Portuko kaietan. OPS – onshore power supply – teknologiak galkatutako itsasontziak energia elektrikoz hornitzeko aukera emango du; hala, portuan dauden bitartean diesel motor osagarriak itzali ahal izango dituzte. Horrela, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa %40 murriztuko da, eta portuaren inguruko herrietako ingurumenerako eta herritarrentzako kaltegarriak diren bibrazioak eta zaratak ere murriztu egingo dira.

Elektrizitateak zero isuriko jatorria izan dezan, proiektuak energia berriztagarriak sortzeko hainbat jarduketa egitea ere aurreikusten du, hala nola kontradikeetan eta aparkalekuetako markesinetan plaka fotovoltaikoak instalatzea. Horrez gain, portuko instalazioetan energia eolikoa emango duten haize-sorgailu gehiago jartzeko aukera ere aztergai izango da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK