Brasil ekonomiara begira

Bolsonaroren jarraitzaileek botere legislatibo, exekutibo eta judizialaren egoitzak hartzeko saiakerari aurre egin behar izan dio Lula da Silvak bere bigarren agintaldia hasiberritan. Krisi politikoaz harago, presidente berriak baditu erronka ekonomikoak ere aurrean, tartean pobreziari nola aurre egin

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

2023 hasiberritan ere, urteko irudietako bat izango da segur aski Brasilekoa: Jair Bolsonaroren hamaika jarraitzaile Brasilia hiriburuko Kongresua hartzen, eta Planalto jauregi presidientzialera eta SFT Gorte Gorenaren egoitzara sartzen. Luiz Inácio Lula da Silva presidente izendatu eta zazpi egunera pasa da. Izan ere, ez dute urrian eginiko hauteskundeen emaitza onartzen —bozen % 50,9rekin irabazi zuen Lulak, eta Bolsonarok % 49,1 lortu zuen—, eta geroztik protestan ari dira presidente izendatu berriarentzat espetxe-zigorra eskatzeko, baita Indar Armatuen interbentzioa eta Bolsonaro boterera itzultzea aldarrikatzeko ere. Gertakizunaren aurrean, "kanpamendu bolsonarista" desegiteko operazioa jarri du abian gobernuak, ehundaka pertsona atxilotuta.

Herrialdeak bizi duen polarizazioa eta tentsio politikoa izango dira, segur aski, Lulak aurre egin beharreko erronka nagusienetarikoak. Ez dira, ordea, bakarrak. Eta ekonomiarekin zuzenean lotura dute horietako askok. Bere lehen agintaldian lehengaien gorakada izan zuen aurrean; orain, aldiz, egoera oso bestelakoa da.

Pobrezia: hamar urtean altuena

Herrialdeen Barne Produktu Gordinaren bolumena kontuan hartuz gero, Brasil 13.en da mundu mailan, Ameriketako hirugarrena, eta Hego-Ameriketako lehenengoa. XX. mendearen bigarren erdialdetik geroz eta hazkunde handiagoa izan bazuen ere, 2003. urtea gako izan zen nazioartean garrantzia aitortzeko: Goldman Sachsek gorantz doazen ekonomiak identifikatzeko BRIC kontzeptua erabili zuen, Brasil, Errusia, India eta Txinako Ingelesezko lehen hizkiak erabilita. Urte hartatik hasi zen haren negozio bolumena hazten, gainera.

Aldiz, herrialdeko per capita Barne Produktu Gordina 7,014 dolarrekoa —6,57 eurokoa gutxi gora behera— zen 2021ean, mundu mailan 88. izanik. Bestela esanda, bizitza maila baxua dute brasildarrek. IBGEk abenduan emandako datuen arabera, 62,5 milioi pertsona bizi dira pobrezian, biztanleriaren herena, gutxi gora behera (% 29,4). Hamar urteko epean zifrarik altuena da hori, eta hori neurtzen hasi zenetik igoerarik handiena izan du urtebeteko epean (% 22,7koa). Pandemiak eta haren ondorioek bete-betean eragin dute igoera horretan. Aipatzekoa da herrialdean Munduko Bankuak ezarritako pobrezia lerroen azpitik —egunean 3,20 eta 5,5 dolarreko diru-sarrerekin— bizi den biztanleen % 70 inguru direla pertsona arrazializatuak.

2022an eginiko Elikagaien Segurtasun Ezari buruzko Inkesta Nazionalan jasotzen denez, 33 milioi pertsona gose dira Brasilen, hau da, populazioaren % 16. 10 familietatik 4k soilik dute elikagaietara guztizko sarbidea

Beste datu bat: 2022an eginiko Elikagaien Segurtasun Ezari buruzko Inkesta Nazionalan jasotzen denez, 33 milioi pertsona gose dira Brasilen, hau da, populazioaren % 16. 10 familietatik 4k soilik dute elikagaietara guztizko sarbidea. Familien zorpretzeari erreparatuta, datua ez da hobea. CNC Brasilgo Ondasun, Zerbitzu eta Turismo Merkataritzako Konfederazioak jasotakoaren arabera, 100 familiatik 79 zorpetuta daude. Zor hori ez da hainbeste bankuekin, baizik eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin, tartean telefonoa eta internet, edo auto eta etxebizitzei loturiko zorrak.

Aipatzekoa da HDI giza garapenerako indizeko zerrendan 84. dagoela herrialdea. Indize horrek, per capita BPGaren, bizi itxaropenaren eta hezkuntza eta alfabetizatzen maila neurtzen ditu.

Inflazioa behera

2022ko hirugarren hiruhilekoan Brasilgo ekonomia ez zen adituek espero bezainbeste hazi. Izan ere, % 0,7ko igoera espero zuten adituek aurreko hiruhilekotik, baina soilik % 0,4 hazi zen, eta % 3,6 iazko hiruhileko beretik. Nazioarteko Diru Funtsaren azken aurreikuspenak dio % 2,8 haziko dela Brasilgo ekonomia 2022an, % 1,7ko zifra berrikusi ostean. Hala ere, adituen arabera laugarren hiruhilekoa aurrekoetan baino hazkunde txikiagoa izango da, eta 2023an % 1 moteldu liteke.

Hala ere, inflazioak beheranzko joerari eutsi diezaiokela dirudi, lau hilabeteko beherakadaren ostean. 2022ko apirilean, KPIa 20 urtean ikusiriko zifra handienera iritsi zen: %12,5en kokatu zen. Azaroan, berriz, % 6koa izan da. Beherakada horretan eragin du, besteak beste, petrolioaren prezioa jaisteak, bai prezioak behera egin duelako, bai hauteskundeak baino lehen zergak jaisteko gobernuak harturiko erabakiak.

Era berean, 2015etik zifra onena du une honeta herrialdeak langabeziari dagokionez: % 8,7koa da azkeneko datuaren arabera. Gogoan izan behar da mundu mailako langabezia tasa handienetarikoa izan duela Brasilek azken urteetan

Aipatzekoa da Brasilgo Banku Zentrala 2021eko martxoan hasi zela interes-tasak igotzen inflazio kontrolatu eta pandemiaren kontra borrokatzeko izandako gastu publikoari aurre egiteko asmoz. 2022ko irailera bitartean hamabi aldiz igo du entitateak Selic izenez ezaguturiko tasa, %2tik %13,75era, nahiz eta azkeneko hilabeteetan zifra horretan mantendu den.

Era berean, 2015etik zifra onena du une honeta herrialdeak langabeziari dagokionez: % 8,7koa da azkeneko datuaren arabera. Gogoan izan behar da mundu mailako langabezia tasa handienetarikoa izan duela Brasilek azken urteetan.

Lehen sektorea eta industria

Lehen sektorea —nekazaritza eta abeltzaintza— BPGren % 5 ekartzen du, IBGE Brasilgo estatistika insititutuaren arabera, baina iturri garrantzitsua da enplegua eta dirua sortzeko tresna gisa. Izan ere, mundu mailan laugarren herrialdea da nekazaritza ekoizpenari dagokionez, eta lehenengoa azukre kainabera, kafe eta zitrikoen produkzioan. Haragi esportatzaile nagusienetakoa ere bada.

Industriak ere garrantzia handia du —Amerikako bigarren potentzia industriala da—, eta herrialdearen hegoalde eta hego-ekialdeko enpleguaren %15 eta %25 bitarte sortzen du

Industriak ere garrantzia handia du —Amerikako bigarren potentzia industriala da—, eta herrialdearen hegoalde eta hego-ekialdeko enpleguaren %15 eta %25 bitarte sortzen du. Petrobras hidrokarburoen enpresa da herrialdeko handiena, eta Forbes Global 2000ren arabera, mundu mailako 20. enpresa da. Brasilgo industriaren oinarri dira, produktu kimikoez gain, autoak, makinaria, produktu kimikoak, elektronika, hegazkingintza edo oihalgintza. Unido Garapen Industrialerako Nazio Batuen Erakundeak jasotakoaren arabera, industria ekoizpenak behera egin zuen 2020tik 2021era, %1,31tik %1,28ra, eta une honetan 15. da zerrendan, Turkiak aurrea hartu ostean. Hala ere, 2022ko datuekin ikusteko dago joera hori mantendu litekeen ala ez.

Horrekin batera, Amazoniaren deforestazioa gelditu eta gunearen "berrindustrializazio jasangarria" bultzatzea izango dira erronketako beste batzuk.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK