• EKONOMIA
  • EAEko lan hitzarmenak lehenestea adostu dute EAJk eta PSOEk

EAEko lan hitzarmenak lehenestea adostu dute EAJk eta PSOEk

Ekonomia Itunean hainbat zerga berri gehituko dira, eta langile publikoei soldata igotzeko marjin handiagoa izango du Jaurlaritzak

Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar | Argazkia: Europa Press
Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar | Argazkia: Europa Press
2023eko azaroaren 10a
Eg. 2023eko azaroaren 10a

Bart Juntsekin akordioa eskuratu ostean, PSOEk EAJrekin ere akordio batera iristea lortu du gaur, eta modu honetara, Pedro Sanchezek bere inbestidurarako botoak ziurtatu ditu. Beste hainbat alderdiren lortutako akordioekin bezala, –Sumarrekin egindako akordioak lan jardunaldiaren murrizketa adostea ekarri zuen– bi alderdiek izenpetutakoak ere hainbat gai ekonomiko izan ditu hizpide.

 

Lan hitzarmenen auzia izan da horietako bat. Lortutako akordioari esker, Langileen Estatutuko 84. artikuluko hiru eta laugarren puntuak aldatuko dira. Honek EAEn negoziatu eta adostutako lan hitzarmenak, Espainiako estatuan adostutako beste lan hitzarmen edo sektore hitzarmenen aurretik lehenestea ahalbidetuko du, hitzarmen hauek gehiengoaren babesa badute eta araudia langileentzako onuragarria bada betiere. Aldaketa datorren sei hilabeteetan egitea hitzartu dute.

Ekonomia Itunean ere hainbat zerga berri gehituko dira, baita zorraren muga handitu ere, eta trenbideen gaineko eskumenen transferentzia gauzatuko da. Gainera, Batzorde Mistoan erreposizio tasak aldatu eta langile publikoen soldaten igoerak ahalbidetzeko konpromezua hartu dute bi aldeek. Modu honetara, sektore publikoko soldata igoera eskarien aurrean, erantzun bat emateko marjin handiagoa izango luke Jaurlaritzak.

 

Akordio hauek ikusita, CEOE Espainiako patronalak urgentziazko bilerara deitu du datorren astelehenean. Inbestidura babestuko duten alderdi eta gobernuaren arteko akordio ekonomikoak aztertu eta hauei erantzuna emateko.