Ekonomiaren nobel saria, bankuek krisi garaietan duten rola aztertu duten hiru ikertzailerentzat

Ben Bernanke, Douglas Diamond eta Philip Dybvig saritu ditu Suediako Erret Akademiak, 1980ko hamarkadan garatzen hasi ziren teoriengatik

Iturria: Suediako Erret Akademia Iturria: Suediako Erret Akademia

Ekonomiaren Nobel Sariak iragarri ditu Suediako Erret Akademiak: batetik, Ben Bernanke The Brookings Institutioneko ikertzailea eta AEBko Erreserba Federaleko presidentea 2006 eta 2014 urte bitartean, 2008ko krisi ekonomikoa tartean; bestetik, Douglas Diamond Chicagoko Unibertsitateko irakaslea; eta, azkenik, Philip Dybvig Saint Louiseko Washington unibertsitateko irakaslea. Hiruak estatubatuarrak, krisi ekonomiko garaietan bankuek duten "rol zentrala"-ri ekarpena egin diote norberak bere ikuspuntutik, 1980ko hamarkadan plazaratutako eta ondoren garatutako teorien bitartez.

AEBko banku zentraleko arduradun ohiaren kasuan, 1930ko hamarkadako Depresioaz eginiko azterketa eta hortik garatutako teoria nabarmendu nahi izan du Suediako Erret akademiak. Oinarrian, teoria horrek jasotzen du banku-izua izan zela aipaturiko depresioaren arrazoietako bat. Suediako akademiaren hitzetan, "ordura arte, bankuen beherakada krisien ondoriotzat jotzen zen, eta ez hainbeste krisien arrazoitzat". Zentzu horretan, ikuspegiari buelta emateko balio izan zuen bere ekarpenak, eta ondoren "babes enpiriko handia" jasotzen jarraitu duela dio akademiak.

Hiruak estatubatuarrak, krisi ekonomiko garaietan bankuek duten "rol zentrala"-ri ekarpena egin diote norberak bere ikuspuntutik, 1980ko hamarkadan plazaratutako eta ondoren garatutako teorien bitartez

Teoriak teoria, 2008ko krisi ekonomikoa lehertu zenean AEBko Erreserba Federaleko presidente zen Bernanke, Lehman Brothersen porrotak eragindakoa. Hain zuzen, bankuen jarraipena bermatzeko asmoz zenbait neurri hartu zituen Fed-ek, baita EBZk eta bestelako bankuek ere, hala nola likidezia mugagabea, interes tasak jaitsi...

Diamond eta Dybvig irakasleen lanean jasotzen denez, bankuak beharrezkoak dira irabaziak inbertsio produktiboetara helarazteko, baina askotan liskarra sortzen da aurrezkiak dituztenen, eta maileguak lortu eta inbertsioak egin nahi dituztenen artean. Izan ere, lehenengoek aukera izan nahi dute beren irabaziak nahi dituzten momentuan ateratzeko, baina bigarrenek epe luzerako konpromisoa behar dute. Irakasleen teoriaren arabera, bankuek Heldutasun eraldaketa —ingelesez, maturity transformation— delakoa aplikatzen dute, gordailu sistema moduko bat. Sistema hori bera, baina, zaurgarria da: aurreztaileak krisi baten zurrumurrua entzun, eta dirua ateratzen saiatzen badira, banku-izua gerta daiteke; alegia, aurrezkiak dituztenek dirua atera eta banku dirurik gabe geratu. Bide horretatik, Diamondek garatu zuenezl bankuak oso tresna aproposa dira nolabaiteko maileguak eskatzen dituztenak kontrolatzeko. Horretarako, ordea, ezagutza garatzea ezinbestekoa da, eta jakintza hori duen banku bat ixten bada, ezagutza hori galdu egiten da, hura berreskuratu eta banku berri batek hartzea zaila izanik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK