Espainiako Gobernuak oinarrizko elikagaiei BEZa kenduko die sei hilabetez

27.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familiek 200 euroko laguntza jasotzea ere adostu du; alokairuen kontratu berriak izoztu egingo dira; erregaiari hobari orokorra kendu egingo zaio; eta garraio publikoaren laguntzei eutsi egingo zaie

Emakume bat erosketak egiten, Donostiako saltoki batean | Argazkia: EnpresaBIDEA Emakume bat erosketak egiten, Donostiako saltoki batean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Espainiako Ministroen Kontseiluak inflazioaren gorakadari eta Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko hirugarren neurri sorta aurkeztu du. Urtarrilaren 1ean jarriko dira indarrean.

Elikagaiak

Pedro Sanchez presidenteak iragarritakoaren arabera, oinarrizko elikagaiei BEZa kenduko zaie urte erdiz. Gaur egun, %4ko zerga dute barazkiek, frutek, lekaleek, arrautzek, ogiak, zerealak eta patatak, besteak beste. Bestalde, olio eta pastaren kasuan, %10etik %5era jaitsiko zaie BEZa. %10ean mantenduko dira, berriz, arraina, kontserbak, jogurtak, botilako ura, edota kafea.

Horrekin batera, 200 euroko txekea emango die Madrilgo Gobernuak 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei, haien ondarea 75.000 eurotik gorakoa ez bada.

Nekazarientzako zuzeneko laguntzak ere onartu ditu, ongarrien prezioaren igoera konpentsatzeko.

Alokairua

Ministroen Kontseiluak sei hilabeteko luzapena ezarri du 2023ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen diren alokairu-kontratuetarako. Horrez gain, 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu du indarrean dauden kontratuen errenten urteko berrikuspenaren %2ko muga. Etxegabetzeak egiteko debekua ere beste sei hilabetez luzatuko da.

Erregaiak

Erosketa saskian laguntzeko neurriekin, erregaien hobarien amaiera konpentsatu nahi izan du Madrilek. Nolanahi ere, garraiolari profesionalek eta lehen sektoreko langileek laguntza hori jaso egingo dute aurrerantzean ere. Beraz, 20 zentimoko deskontua urtarrilaren 1ean desagertuko da bezero partikularrentzat. Pedro Sanchez presidenteak adierazi duenez, erregaien prezioek bilakaera ona izan dute azken asteetan eta horregatik kenduko dituzte laguntzak partikularrentzat.

Hala, Errepideko garraio profesionalerako litroko 20 zentimoko deskontuaren luzapena hilabete bakoitzaren amaieran ordainduko da. Nekazarientzat, zenbateko horren zuzeneko laguntza hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren itzulketaren bidez aplikatuko da. Guztira, 240 milioi euroko kostua du.

Garraio publikoa

Duela aste gutxi iragarri bezala, beste urtebetez doakoak izango dira aldiriko eta distantzia ertaineko trenen txartelak. Argitzea falta zen autobus edo metroen laguntzekin zer gertatuko zen, baina gobernuak %50eko deskontuari eustea erabaki du azkenean. Hortaz, 2023an ere, laguntzaren %30 Madrilek ordainduko du, eta beste %20 tokiko erakundeek. Hala ere, baldintza berri bat ezarri du oraingoan: dagokion ehunekoa ematen ez duenak, ez du estatuaren laguntza jasoko.

Energia

Etxeko energiaren deskontua ere beste sei hilabetez luzatuko dela iragarri du Sanchezek. Argindarraren ordainagiriaren BEZak %5ean jarraituko du, 10 kilowatt arteko potentzia kontratatua duten kontsumitzaile, enpresa edo partikularrentzat; elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren tasa %0,5ean egongo da aurrerantzean ere; eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren etetea luzatuko da.

Gasari dagokionez ere, beste sei hilabetez luzatu dira bonu soziala jasotzeko baldintzetan eta kopuruetan egin ziren aldaketak.

Horrekin batera, gobernuak beste sei hilabetez luzatu du energia elektrikoaren, gasaren eta uraren hornidura eteteko debekua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK