Euskadiko biztanleen batez besteko errentak %0,9 egin zuen behera 2020an

Gipuzkoak izan zuen batez besteko errenta pertsonal altuena (23.512€); ondoren, Bizkaiak (21.853€), eta, gero, Arabak (21.516€)

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 18 urtetik gorako herritarrek batez beste 22.343 euroko errenta pertsonala jaso zuten 2020an; ondorioz, % 0,9 egin zuen behera (205 euro gutxiago), aurreko urtearekin alderatuta, Eustatek emandako datuak oinarri hartuta.

Lurralde-banaketan oinarrituta, Gipuzkoak izan zuen batez besteko errenta pertsonal altuena (23.512€); ondoren, Bizkaiak (21.853€), eta, gero, Arabak (21.516€). 2019arekin alderatuta, Bizkaiak beherakada txikiagoa izan zuen (–%0,5), Gipuzkoak eta Arabak baino (–% 1 eta –% 2,2, hurrenez hurren).

Hiriburuak kontuan hartuta, aurreko aldeak nabarmendu egiten dira; izan ere, Donostian bizi direnen batez besteko errentak (26.395€) gainditu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko batezbestekoa 4.052 euroan; Bilbon bizi direnen (22.464€) eta Gasteizen bizi direnen (21.818€) errentak batezbestekotik hurbilago daude.

Erkidegoan 2020an bizi zen biztanleriaren errenta erabilgarria, errenta osoari errentaren gaineko zerga eta langileen kargurako kotizazio sozialak kenduta kalkulatzen dena, 18.699€koa izan zen, errenta osoaren % 83,7ren baliokidea. Gipuzkoako errenta erabilgarria (19.606€) Bizkaikoa (18.345€) eta Arabakoa (17.969€) baino handiagoa izan zen.

2020ko ekitaldian jasotako errenta pertsonal osoaren eraketari dagokionez, errenta pertsonalaren %57,3 lanetik etorri zen (12.806€, batez beste, aurreko urtean baino 757€ gutxiago), eta gainerakoa, eskualdatze edo prestazio sozialetatik %30,8 (6.889€), jarduera ekonomikoen errentetatik %4,4 (989€) eta % 7,4 kapital-errentetatik (1.659€, bai higigarriak bai higiezinak).

COVID-19agatiko pandemiaren urtean, errenta osoa %0,9 jaitsi zen, eta hori aldagai guztietara hedatu zen, eskualdatzeen ondoriozko errentan izan ezik, %14,2 egin baitzuen gora.

Biztanleen arteko errentaren banaketari dagokionez, 1,5 milioi pertsona baino gehiago ziren errenta motaren bat jasotzen zuten 18 urtetik gorako pertsonak; alegia, %85,4. Eta talde horietan %14,5ek ez zuten inolako diru-sarrerarik izan, 2020an. Gainera, pertsonen %59,5ek baino gehiagok Erkidegoko batez besteko errenta baino baxuagoa izan zuten –errentarik jasotzen ez zutenak barne–, eta %10ek batezbestekoa bikoiztu baino gehiago egiten duen errenta izan zuten; alegia, 44.958€tik gorako errentak.

Mediana, biztanleria bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den ezartzen duen adierazlea, 17.811€koa izan zen; alegia, 2020an, biztanleen erdiek urtean 17.811€tik gorako batez besteko errenta pertsonala izan zuten, eta beste erdiek kopuru horretatik beherako errenta jaso zuten.

Gizonen eta emakumeen errentaren banaketak argi uzten du bien arteko ezberdintasuna: gizonek 27.422€ jaso zituzten batez beste 2020an, eta emakumeek, 17.667€. Alegia, gizonen errenta pertsonala emakumeena baino 9.755€ handiagoa izan zen. Alderik handiena 70 eta 74 urte bitarteko tartean nabari da, gizonen batez besteko errenta emakumeena baino 16.000€ handiagoa izan baitzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK