Euskadiko langabezia tasa %7,9ra jaitsi da udan

Lana duten 4.100 pertsona gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

21.300 pertsona gutxiago dabiltza lan bila Hego Euskal Herrian | Argazkia: Europa Press 21.300 pertsona gutxiago dabiltza lan bila Hego Euskal Herrian | Argazkia: Europa Press

Euskal Autonomia Erkidegoan 4.100 okupatu gehiago izan dira 2022ko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,4 gehiago; eta langabeen kopurua %0,6 gutxitu da, 6.800 langabe gutxiago baitaude. Ondorioz, langabezia tasa %7,9an kokatu da. Ia puntu bateko jaitsiera izan du 2021eko udatik, %8,8koa baitzen orduan.  

Lurraldeka, Bizkaian lana duten 4.800 pertsona gehiago daude, Gipuzkoan 200 gehiago, bana Araban jaitsi egin da kopurua, 800 landun gutxiago baitaude.

Oro har, gizonen okupazioak 2.100 gehiago izan dira; emakumeen artean, berriz, 2.000 gehiago. Atzerriko nazionalitatea duten okupatuak 4.700 gehiago izan dira (+%5,8), eta euskal nazionalitatea dutenak, berriz, 500 gutxiago (-%0,1).

Biztanleria landunak gora egin du hirugarren hiruhilekoan sektore guztietan. Zehazki, lehen sektorean 1.800 pertsona (+%24,3), industrian 900 (+%0,5), zerbitzuen sektorean 800 (+%0,1) eta eraikuntzan 700 (+%1,2).

Okupazio-tasa, 16 eta 64 urte bitarteko landunen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean, 0,2 puntu igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, %69,9ra arte. Tasa hori %73,3koa da gizonen artean, eta %66,6koa emakumeen artean.

Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, okupazio-tasa ehuneko 0,9 puntu igo da bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean, eta %62,4koa da. Hala ere, goi-mailako ikasketak dituztenen artean 0,4 puntu jaitsi da, %85,5eraino, eta lehen mailako ikasketak dituztenen artean 0,5 puntu jaitsi da, %60,2 izateraino.

Enplegu-tasarik altuena euskal nazionalitatea duten pertsonen artean dago (%71,3), aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen artean %58,3 da (+2,5 puntu).

Lurraldeka, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoari dagokio ( % 71,8), aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,3 puntu gehiago. Arabak % 69,2ko tasa du, puntu erdi gutxiago, eta Bizkaiak % 69koa, ehuneko 0,5 puntu igo ondoren.

Eustaten datuen arabera, 902.400 etxe inguru daude Euskadin, eta horietatik heren batek ez du pertsona aktiborik (aurreko hiruhilekoan baino 1.600 gutxiago). Hamar etxekoen unitatetik ia seitan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude (5.300 familia gehiago), eta pertsona aktibo guztiak langabezian dituztenak 29.000 dira (1.400 etxe gutxiago).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK