Frantziak % 5,9ko inflazioarekin itxi du 2022a

Behin-behineko datua izanik ere, aurreko hilabetetik %0,3 egin du behera, INSEEren arabera. Energiaren prezioen beherakadak eragin du batez ere beherakada

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Inflazioa apur bat apaldu da Frantzian. Azaroan Kontsumo Prezioen Indizea % 6,2koa bazen, INSEE Estatistika eta Ikerketa Ekonomikoen Frantziako Institutuaren behin-behineko datuak dio % 5,9 ingurukoa izan dela abenduan. Beraz, %0,3 jaitsi da. Behin betiko datuak urtarrilaren 13an baieztatuko dituzte.

Urtea % 2,9ko inflazioarekin hasi zuen Frantziak eta berehala hartu zuen goranzko joera. KPIak goia jo zuen urrian eta azaroan % 6,2ra helduta. INSEEk emandako informazioaren arabera jaitsiera energiaren eta, neurri txikiagoan, zerbitzuen prezioen moteltzearen ondorio izan da. Elikagaien prezioak aurreko hilaren erritmo berean igo dira eta produktu manufakturatuenak, aldiz, bizkorrago. Azaroako datuekin alderatuta kontsumo-prezioek % 0,1 egin dute behera, azaroan % 0,3 igo ondoren.

Prezioen moteltze horren atzean energiaren kostuen desazelerazioa dago. Energiaren prezioek behera egin egin dute petrolioaren produktu eraldatuen prezioen beherakadaren ondorioz. Izan ere, aurreko hilabeteko % 18,4tik % 15,1era apaldu da. Neurri txikiagoan eragin du zerbitzuen prezioen beherakadak, % 2,9ra egin baitu behera, azaroan baino dezima bat gutxiago. Aldiz, elikagaien prezioak % 12,1 garestitu dira, aurreko hilabeteko joerari eutsita.

Urte arteko Kontsumo Prezioen Indize Harmonizatuari dagokionez igoera  % 6,7koa izan da, azarokoa baino lau hamarreko baxuagoa.

Frantziako inflazio datua bat dator Europako bestelako herrialdeetako joerarekin. Atzo Alemaniak KPIaren datu aurreratua ezagutzera eman zuen eta bigarren hilabetez behera egin zuen. Urrian %10,4ra heldu zen, azaroan %10era jaitsi eta abenduan are beherakada handiagoa izan zuen, %8,6an kokatuz. Datu harmonizatuari dagokionez %11,3tik %9,6ra egin zuen atzera.

Frantzia, Espainia eta Alemaniako datuak erabakiorrak izan daitezke Europako Banku Zentralaren moneta politika finkatzeko orduan. Otsailaren 2an biltzekoa da Christine Lagardek zuzentzen duen erakundea eta interes-tasen igoera izango du aztergai, besteak beste. Abenduaren 15ean bildu zen banku zentrala azken aldiz tasak puntu erdi igoz. Lagardek 2023an igoera gehiago egongo zirela iragarri zuen, zenbatekoa argitu barik. Inflazioaren egonkortzeak moneta politikaren sakontasuna leuntzea ekar lezake, tasak motelago igoz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK