Gutxieneko soldata 1.080 eurora igoko duela iragarri du Espainiako Gobernuak

2022ko gutxieneko soldata baino 80 euro gehiagokoa izango da aurtengoa, adituek gomendatu zuten kopurutik oso gertu

Yolanda Diaz Lan ministroa agerraldi batean | Argazkia: Moncloa Yolanda Diaz Lan ministroa agerraldi batean | Argazkia: Moncloa

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa Unai Sordo CCOOeko idazkari nagusiarekin eta Pepe Alvarez UGTkoarekin bildu da eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.080 eurora igotzea adostu dute, hamalau ordainsaritan. Orain arte 1.000 eurokoa zen gutxieneko soldata eta 82 eta 100 euro artean igotzeko eskatzen zuten sindikatuek. Diazek, berriz, adituen batzordearen txosteneko banda altuaren alde egiten zuen, 2023rako %4,6 eta %8,2 arteko igoera planteatu baitzuen. Patronaletako ordezkariek uko egin diote gaurko bilerara joateari ere, baina 1.040 eurora igotzeko eskaera egina zuten aurretik ere.

Lan ministroak bi sindikatuekin egindako bileraren ostean, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eman du neurriaren berri Senatuan egin duen agerraldian: “%8ko igoera izango du gutxieneko soldatak. Agerikoa da erosketa ahalmena jaitsi egin dela eta arduraren zati bat politikarena dela”.

Gobernuak sindikatu eta enpresarien oniritzia nahi zuen gutxieneko soldataren zenbatekoa igotzeko, teknikoki behar ez badu ere. Hala, hartutako erabakia gertuago dago sindikatuek eskatutako zenbatekotik (1.100 euro), CEOE enpresarien ordezkariek nahi zutenetik baino (1.040 euro).

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40.000 langile ingururi eragingo lioke soldata igoerak. Nafarroan, aldiz, 18.500 langile ingururi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK