Gutxieneko soldata 46 eta 82 euro artean igotzea proposatu du Espainiako Gobernuak

Igoerarekin, 1.046 eta 1.082 euro artean geratuko litzateke gutxieneko soldata, orain 1.000 eurokoa baita

Yolanda Diaz Lan ministroa agerraldi batean | Argazkia: Moncloa Yolanda Diaz Lan ministroa agerraldi batean | Argazkia: Moncloa

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak, 2023an gutxieneko soldata igotzeko proposamenak aurkeztu ditu aditu talde baten laguntzaz. Hala, datorren urteko igoera %4,6 eta %8,2 artean legoke. 1.046 eta 1.082 eurorainoko igoerak ekarriko lituzke horrek, 2022ko gutxieneko soldata gordina 1.000 eurokoa baita, hamalau ordainsaritan. Tarteko beste bi igoera ere proposatu dituzte: %5,4koa eta %6,6koa. Orain, sindikatuekin eta enpresaburuekin negoziatu beharko du Lan Ministerioak igoera. Asteazkenean egingo dute lehen bilera.

Hala ere, Espainiako Gobernuaren barnean desadostasunak daude igoeraren inguruan. Ekonomia eta Ogasun Ministerioek, esaterako, igoera apalagoa eskatzen dute eta guztiek ez dute proposamena babestu. Sindikatuek, bere aldetik, %10eko igoera eskatu dute, 1.100 eurorainoko igoera.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40.000 langile ingururi eragingo lioke soldata igoerak. Nafarroan, aldiz, 18.500 langile ingururi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK