Hego Euskal Herriko soldatak ia 14.000 euro apaldu ziren 2008tik 2020ra

ELA sindikatuak egindako txostenak jaso duenez, soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo dira hamabi urtean

'Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian pobretzea eta prekarietatea' txostenaren aurkezpena | Argazkia: ELA 'Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian pobretzea eta prekarietatea' txostenaren aurkezpena | Argazkia: ELA

ELA sindikatuak egindako azterketaren arabera, Hego euskal Herriko langileek batez beste 13.968 euro galdu dituzte hamabi urtean, 2008tik 2020ra, “batez besteko soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo zirelako”, salatu du sindikatuak. Ondorioz, urteko 1.164 euro pobretu ziren batez beste azken bi urteetako inflazio datu handien aurretik ere.

ELAk zehaztu duenez, Gipuzkoako datuekin egin du txostena, Arabako eta Bizkaiko aldundiek eta Nafarroako Gobernuak ukatu egin dizkiotelako informazioa osatzeko behar dituen datuak. Horien arabera, 2020an Gipuzkoan 25.898 euroko batez besteko soldata gordina izan zen, eta 2008an 23.950 eurokoa. Tarte horretan, beraz, %8,1 igo zen soldata, baina KPIaren bilakaera %12,3koa izan zen. Bi datuen bilakaera alderatuta, 4,2 punturen aldea dago, eta %3,8ko pobretzea. Nabarmentzekoa da, bestalde, Gipuzkoako lan baldintzak Hego Euskal Herriko onenak izaten direla oro har.

Txostenak jasotzen duenez, Hego Euskal Herriko lan produktibitatea Europako batez bestekoa baino askoz handiagoa da, baina batez besteko soldatak azpitik daude, bai Euskal Autonomia Erkidegoan (%6,5 gutxiago), baita Nafarroan ere (%14,2 gutxiago).

Testuinguru horretan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak “pobretzearen aldeko erasoaldi” moduan du bilakaera, eta enpresariak eta erakunde publikoak jo ditu arduraduntzat. Gutxienez KPIaren pareko soldata igoerak, 32 orduko lan asteak eta 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK