Industria prezioak %20,9 igo dira urtebetean

Energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren prezioak izan dira gehien igo direnak

Iberpapelen lantegia Zinkuñagan (Hernani, Gipuzkoa) | Argazkia: EnpresaBIDEA Iberpapelen lantegia Zinkuñagan (Hernani, Gipuzkoa) | Argazkia: EnpresaBIDEA

Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren prezioek %1,4 egin dute gora irailean aurreko hilaren aldean. Hala, urte arteko tasa %20,9koa da, Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazitako azken datuen arabera.

Azterketa zehatzagoa eginda, eta sektoreen arabera banatuta, ikus genezake energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren prezioak izan direla gehien igo direnak, %9,3 irailean, eta %48,6 iazko irailetik aurtengora. Kokeria eta petrolioa fintzearen prezioek, aldiz, %44,7ko igoera izan dute urtebetean, baina %3,3ko jaitsiera izan dute abuztutik irailera bitarte. Prezio jaitsiera izan duen beste sektoreetako bat ehungintza, larrugintza eta zapatagintzarena izan da, %3,5 jaitsi baitira prezioak urtebetean, eta %1 abuztutik irailera. Farmaziako produktuen fabrikazioak ere %2,8ko jaitsiera izan du irailean aurreko hilaren aldean.

Helburu ekonomikoaren araberako ondasun talde handien prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da guztietan: energiarenak %47,7 igo dira, bitarteko ondasunenak %18,1, ekipo ondasunenak %3,6 eta kontsumo ondasunenak %8,4.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK