Inflazioa telefoniako tarifetara iritsi da

2023 Internet eta mugikorra hornitzen duten enpresa nagusien igoera orokorrarekin hasi da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Inflazioa da 2022an gehien entzun den hitzetako bat, eta gutxi izango dira galdetuz gero hitz horrek poltsikoentzat zer esan nahi duen esango ez diguten pertsonak. Erregaien prezioaren igoerak, pandemiak eragindako konfinamenduen ondorengo osagaien eskasiak eta Europa ekialdeko egoera politikoak, joan den mendetik gure ekonomian ikusten ez ziren prezioen igoerak utzi ditu. Orain, urte berriarekin batera, telekomunikazio-enpresek tarifak eguneratzeko aukera ikusi dute, ezusteko handirik gabe, igoerak kasu gehienetan orokorrak baitira.

Euskal Herrian baditugu askotariko aukerak telefono mugikorra eta Internet nori kontratatu aukeratzeko. Espainiar eta Frantziar estatuetan jarduten duten enpresez gain, gure lurraldean Euskaltel, Guuk edo Izarkom bezalako enpresa gehigarriak ditugu. Dauden telefonia motak zatitzeko orduan, tarifa normalak dituztenen eta low cost delakoen artean bana ditzakegu. Azken horiek telekomukazio enpresa ezagunei lotuta daude ia beti.

Prezioen 'eguneraketa'

2022ko abendua KPIren %5,4ko igoerarekin itxi zen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta igoera horrek azken hilabeteetan prezioetan izan den igoera islatzen du. Telekomunikazioetan diharduten enpresek ez dute zalantzarik izan tarifak eguneratzeko, eta igoera handiak izan dituzte urte berriarekin batera. Movistarren eta Vodafoneren kasuan, tarifen %6ko eta %8ko igoera jarri dute martxan, hurrenez hurren.

Movistarren eta Vodafoneren kasuan, tarifen %6ko eta %8ko igoera jarri dute martxan, hurrenez hurren

Igoera horiekin batera, kasu askotan, enpresa horietan dauden eskaintzak edo plan merkeagoak desagertzen dira. Bezero berriei eskaintzak kentzea dakar beste konpainia batean tarifa berri bat kontratatzeko orduan %45 gehiago ordaintzea. Ondorioz, erabiltzaile askok gehiago pentsatuko dute aldaketa bat egiteko orduan. OCUren datuen arabera, mugikorren eta Interneteko tarifen balio handitze horrekin, kontsumitzaileek batez beste 2,50 euro gehiago ordainduko dituzte hilean mugikorrengatik, eta 5,50 euro gehiago telebista eta linea mugikor gehiago barne hartzen dituzten tarifetan.

Bere horretan mantentzea

Movistar, Orange, Vodafone edo Euskaltel bezalako telekomunikazio enpresa gehienek datozen asteetan prezioak igoko dituzten arren, low cost markek oraingoz ez dute hori egingo. O2, Jazztel, Guuk edo Simyok baieztatu dute oraingoz ez dutela bat egingo prezioak igotzeko joerarekin. Beraz, oraingo prezio berberekin jarraituko dute datozen hilabeteetan.

Telefoniako tarifen igoerari, telefono mugikorrek iaz izan duten prezioen igoera ere gehitu behar zaio. Adibide argia iPhoneak dira, iazko iPhone 14 seriean, prezioak nabarmen hazi zirela ikusi baitzuten, 5 urtez prezioak egonkortuta egon ondoren. Kasu askotan, prezioen igoera lehen aipatutako faktoreei gehitu behar zaie euroak dolarrarekiko izan duen beherakada. Horrek ekarri du enpresek prezioak igotzea, irabaziei eusteko.

O2, Jazztel, Guuk edo Simyok baieztatu dute oraingoz ez dutela bat egingo prezioak igotzeko joerarekin

Telefonia tarifa, gailuen eta elektrizitatearen prezioaren igoera dela eta, gaur egun gero eta garestiagoa da konektatuta egotea eta Interneterako konexioa izatea. Ikusteko dago datozen hilabeteetan prezioak egonkortu edo igo egingo diren, baina itxaropen gutxi geratzen da prezioek berriro behera egiteko; izan ere, oso gutxitan gertatzen da deflazio bat, eta, beraz, konpainien prezioen katalogo berrira ohitu beharko dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK