Nicolás Redondo hil da, UGTko idazkari orokor izandakoa

Barakaldon (Bizkaian) jaioa 1927an, UGTko idazkari nagusi izan zen 1974 eta 1994 urte bitartean, eta PSOEko diputatu lanetan ere aritu zen Espainiako Kongrestuan

Redondo Jose Luis Zapatero Espainiako presidente ohiarekin, artxiboko argazki baten | Argazkia: Ricardo Rubio/Europa Press Redondo Jose Luis Zapatero Espainiako presidente ohiarekin, artxiboko argazki baten | Argazkia: Ricardo Rubio/Europa Press

Nicolás Redondo Urbieta UGTko idazkari nagusi ohia zendu da Madrilen, 95 urte zituela. Hala jakinarazi du bart UGT sindikatuak sare sozialen bitartez. Besteak beste, nabarmendu nahi izan dute "Espainiako sindikalgintzaren ezinbesteko ikurra izan zela diktaduran, trantsizioan eta demokrazian". PSOEk gogorarazi du bere bizitza eskaini ziola "langileen eta herritarren aldeko eskubideen borrokari" eta Yolanda Diaz Espainiako presidenteordeak azpimarratu du "sindikalista bikaina" izan zela.

Barakaldon (Bizkaian) jaioa 1927an,  eta 1937an Bordelera eraman zuten beste hainbat haurrekin batera. Gerra amaituta itzuli, eta Sestaoko Naval ontziolan hasi zen lanean 1942an. Ibilbide sindikala, baina, handik hiru urtera hasi zuen, UGTn eta PSOEn afiliatu zenean. Frankismo garaian hainbat aldiz atxilotu zuten, eta 1967an Las Hurdesera deserriratu zuten. Diktadura amaitzearekin batera lehen lerrora egin zuen salto: aurretik sindikatuko idazkari politikoa bazen ere, 1976an UGTko idazkari nagusi izendatu zuten, eta 1977an Moncloako Hitzarmenaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen.

Idazkari nagusi izatearekin batera, PSOEko diputatu ere izan zen. Espainiako Kongresurako Bizkaiko ordezkari hautatu zuten 1977an, baita 1979, 1982 eta 1986an ere. 1987an, aldiz, uko egin zion aulkiari, 1988rako Aurrekontu Orokorren kontra bozkatu ostean. UGTko idazkaritza, berriz, 1994an utzi zuen. Geroztik, agerraldi publikoetan parte hartu du, baina ez du kargu politikorik izan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK