Pentsioak 2023an: zenbat, noiz eta nola

Nobedadez josita dator 2023. urtea pentsioen alorrean. Kotizaziopeko pentsioak % 8,5 igoko dira eta kotizazio gabekoak % 15. Erretiro adina ere igo egin da: bi hilabete gehiago itxaron beharko dugu jubilatzeko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Pentsio sistemarena solasaldietarako gai nagusia izaten dugu hizpide eta ez da harritzekoa. Egun 712.080 lagunek jasotzen dute pentsioren bat Hego Euskal Herrian. Ohikoena erretiroarena da, 474.439 lagunek jasotzen dutena, baina badira beste batzuk: alargun pentsioa (164.591), umezurtz pentsioa (20.063), ezintasun-iraunkorrarena (50.338) eta familiakoen aldekoarena (2.649). Bizkaia da pentsiodun gehien duen lurraldea (296.465) eta Araba gutxien duena (80.721). Batez besteko pentsioa 2022an 1.337,30 eurokoa izan da, hilero 952,3 milioi euroko gastua. Kopurua duela hamar urte baino % 46 altuagoa da eta 2023an ere gorantza egitea aurreikusten da.

Espainian onartutako azken erreformaren ondorioz pentsioaren zenbatekoa urteko inflazioaren batez bestekoa aintzat hartuta eguneratzen da, azaroa bitarteko datuen arabera. Hala 2023an kotizaziopeko pentsioak (kontributiboak) % 8,5 igoko dira, betez beste 113,7 euro hilero. Erretiroan jaso beharreko zenbatekoa pentsiodunaren adinaren eta lan bizitzan zehar kotizatutako epearen arabera kalkulatzen da. Pentsio maximoa 42.823 eurokoa izango da urtean, 3.058 euro hilean, 2022an baino 240 euro gehiago. Hego Euskal Herrian 51.400 pentsiodun inguruk jasoko dute maximoa. Minimoari dagokionez, 13.526 eta 9.694 euroren artekoa izango da, erretiroa hartzen duen pertsonaren adinak eta menpeko ezkontidea  dutenentz baldintzatuta.

Kotizazio gabeko pentsioak

Kotizazio gabekoak, aldiz, %15 igoko dira. Kotizaziopekoak pentsio sistemaren barruan daudenak dira, erretiro adina heldu bitartean gizarte segurantzaren kotizazioak ordaindu dituztenak. Kotizazio gabekoak edo ez-kontributiboak, aldiz, kotizatzeko baldintzak bete ez dituztenak dira eta bizirauteko baliabide nahikorik ez dutenek kobratzen dute. Estatu mailan 44.526 lagunek jasotzen dituzte pentsio ez-kontributiboak eta zenbatekoa 500 eurora ez da iristen. 

Inoizko gasturik altuena

10 milioi lagun baino gehiagok jasotzen dute kotizaziopeko pentsioren bat Espainian. 11.000 milioi euroko hileroko gastua aurreikusten da aurten, 190.000 milioi euro inguru urtean. Inoizko kopururik altuena izango da eta aurrekontu orokorren % 40 suposatuko du. Gastuaren gorakadak bi oinarri nagusi ditu: alde batetik azken hamarkadetan ezagutu gabeko prezioen igoera eta, bestaldetik, espero den erretiroa hartuko dutenen oldea. “Baby boom” bezala ezagutzen den belaunaldia erretiroa hartzen hasia da eta hurrengo urteetan joera hori areagotzea espero da.

Bi hilabete gehiago erretiroa hartzeko

Pentsioaren zenbatekoa ez da 2023an handituko den gauza bakarra. Langileek 66 urte eta lau hilabete bete beharko dute pentsioaren % 100 kobratzeko. Lanean 37 urte eta 9 hilabete kotizatu dutenek, baina, 65 urte betetzean erretiroa hartzeko aukera izango dute. 2011. urtean onartutako pentsioen erreformak jubilazio adina 67 urtera atzeratu zuen eta horretarako trantsizio epea ezarri zuen. 2013 eta 2027 bitartean erretiro adina luzatzea ekarri zuen erreformak: hilabete bat urtero 2013 eta 2018 bitartean eta bi hile 2027ra arte. Erreformaren ondorioz azken hamarkadan erretiro adina 13 hilabetez luzatu da.

Erretiro partziala

Espainiako Gobernuak 2019an onartu zuen erretiro partzialarekin lotutako errelebo-kontratua industriaren alorrerako. Helburua jubilatzeko adina duen langilearen lanaldiaren murriztea da langile berri bat kontratuta. Horrela osorik jubilatu bitartean langile berriaren trebakuntzan lagunduko du. Behin langileak erretiroa hartuta langile berriari kontratu mugagabea egingo zaio. Berebiziko garrantzia du kontratu mota honek autogintzaren alorrean, besteak beste. Egun 8.000 langile daude Espainiar estatuan. Sindikatuek eta enpresarien elkarteak eskatuta, gobernuak beste urtebetez luzatzea erabaki du.

51.400 pentsiodunek jasoko dute pentsio maximoa Hego Euskal Herrian, 3.058 euro hilero 

2013an erretiro partziala arautzeko legea onartu zuen gobernuak, lana eta pentsioa uztartzeko aukera emanez. Egun hiru mota ezberdin daude: erretiro aktiboa, partziala eta malgua. Osasunaren alorrean langileak kontratatzeko dagoen arazoari aurre egiteko Erretiro aktibo hobetua onartu zuen 2022ko azken Ministroen Kontseiluak. Osasun sistema publikoko lehen mailako arretako osasun-profesional, familia-mediku eta erretiro-adinean dauden pediatrentzako neurria da eta hiru urtez pentsioaren % 75 eta lanaldi erdiko soldata uztartzeko aukera emango die. Euskal Herrian Osakidetza eta Osasunbideko langileei eragingo die.

Kotizazio epea zehazteke

Espainiako Gobernuak pentsio sistemaren erreforma 2022. urtea bukatu aurretik onartzea agindu bazuen ere bada adostasun nahikorik lortu ez duen neurria: pentsioren kalkulurako aintzat hartu beharreko kotizazio epea. Jose Luis Escrivá Gizarte Segurantzako ministroak epea 30 urtera luzatzea proposatu du baina adostasunik ez du bildu ez gobernu barruan ezta eragile sozialen artean ere. 2023. urteko lehen hiru hilekoan bildu nahi du akordioa Escrivá ministroak.

Informazio gehiago
Espainiako pentsio sistemaren erreforma: atzerakontua hasi da
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK