Txitxarroaren arrantza kuota %95 murriztu du Europar Batasunak

Legatzaren kuota %10 igotzea erabaki du Bruselak, eta berdela %20 gehiago arrantzatu ahal izango da 2023an

Euskal arrantza ontziak | Argazkia: iStock Euskal arrantza ontziak | Argazkia: iStock

Bi eguneko negoziazioen ostean, Europar Batasuneko Arrantza ministroak akordiora iritsi dira 2023rako arrantza kuoten inguruan. Oro har, akordio egokia izan da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat. Berdelari dagokionez, %20 gehiago arrantzatzeko aukera izango da 2023an, Espainian guztira 29.439 tona. Legatzaren kuota %10 igotzea erabaki dute, zortzi urtean jaitsierak egon ostean. Orotara, 9.953 tona legatz arrantzatu ahal izango dute arrantzaleek datorren urtean.

Murriztuko dena, txitxarroaren harrapaketa izango da, 70.000 tonatik 3.200 tonara murriztea adostu baitute. Kantauri itsasoan 2022ko urte osoan arrantzatutakoaren %4 inguru suposatuko luke orain baimendutakoak. Espeziea egoera txarrean dagoela argudiatuta hartu du erabaki hori Europar Batasunak, aurretik txitxarroa arrantzatzea guztiz debekatzea proposatu bazuen ere.

Sole Handiko (Ingalaterrako eta Eskoziako arrantza guneak) itsas oilarraren kuota %14 handituko da datorren urtean, eta eremu bereko itsas zapoarena, %11.

Mihi-arrainaren kuota mantendu egingo da azkenean, Europako Batzordeak kuota %11 gutxitzea proposatu bazuen ere.

Bestalde, atunari dagokionean, Espainiak lehen aldiz lortu du Erresuma Batuko uretara sartzeko baimena.

Luis Planas Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa pozik da Erresuma Batuarekin lortutako akordioarekin, negoziazioa “luzea eta konplexua” izan dela onartu arren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK