Urtarrilean 100 gazte abiatuko dira atzerrira lanera, BEINT bekekin

Gaur banatu dituzte Nazioartekotzeko Euskal Agentziak emandako 100 akreditazioak

BEINT beken banaketa ekitaldia | Argazkia: Spri BEINT beken banaketa ekitaldia | Argazkia: Spri

Urtarrilean, 100 gazte abiatuko dira atzerrira lanera Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko BEINT bekei esker. Nazioartekotze eta atzerriko merkataritza arloetan talentu berriak trebatzea da laguntza horien helburua, gai izan daitezen euskal enpresen eta erakundeen premiei erantzuteko. 1986an jaioa, nazioarteko ospe handia duen programak 36 urte beteko ditu aurtengo edizioan.

Gazte horietatik 20k atzerriko enpresekin hasiko dituzte beren praktikak, ahal dela atzerrian kokatutako euskal konpainiekin. Gainerako 80ak Basque Trade & Investment Agentziaren Kanpo Sarearen bulegoetara, atzerrian kokatutako Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetara, edo Afrika, Amerika, Asia eta Europako 45 herrialdetan nazioartekotzea sustatzeko dauden organismoetara joango dira.

Arantxa Tapia Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur goizean banatu dituzte 100 akreditazioak Barakaldoko BECen egin den ekitaldi batean. Bertan bildu dira 100 gazte bekadunak eta euren senitartekoak, bai eta Mikel Amundarain Industria sailburuordea, eta Ainhoa Ondarzabal Basque Trade & Investment Agentziako zuzendaria ere.

BEINT bekak 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta daude, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnei, eta unibertsitateko titulazioa eta ingeles maila altua dutenei. Programaren 36 urteko ibilbidean orotara, 1.900 gazte inguruk jaso dute beka. Nahiz eta unibertsitateko edozein gradutako ikasleek parte har dezaketen, ohikoenak izaten dira Administrazio eta Enpresen Zuzendaritzako, Ingeniaritzako eta Zuzenbideko ikasleak.

Aurten, Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratu ditu ekimen honentzat eta, beka banaketarekin batera jakitera eman duenez, 2023ko lehen hiruhilekoan irekiko da hurrengo bekaren deialdia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK