Basquevolt bihar eratuko dela iragarri du Tapiak

Bateria elektrikoentzako egoera solidoko gelaxken lantegia Jaurlaritzaren apustu nagusia izan da ibilgailu elektrikoetako ESEPE deialdira aurkezteko

Arantxa Tapia, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: Irekia Arantxa Tapia, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: Irekia

Joan den ostiralean bukatu zen Ibilgailu Elektrikoa eta Konektatua Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) deialdira aurkezteko epea. Espainiako gobernuak Europako Next Generation funtsak ibilgailu elektrikoen sektorera bideratzeko egingiko apustua da. Hain zuzen, deialdira aurkeztutako proiektuetako bat da Basquevolt, bateria elektrikoentzako egoera solidoko gelaxken lantegia, CICenergiGUNEren lidergopean garatuko dena, eta bihar, ekainaren 10ean, eratuko da formalki enpresa gisa, Miñaon, Araban. Hala jakinarazi du gaur Arantxa Tapia Ekonomia Sustapenerako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburuak Euskadiko trantsizio energetikoa izenburupeko jardunaldian, Bilboko CRAI liburutegian eginikoa.

Sailburuak azaldu duenez, akziodunek "bihar bertan" sinatuko dute enpresaren sorrera. Honen helburua da egoera solidoko gelaxketan "beste pauso bat ematea", alegia, "hurrengo belaunaldiko" gelaxkak sortzea. Minaoko plantak, beraz, 'pilotu' izaera edukiko du. Tapiaren hitzetan, proiektuak ahalbidetuko du Euskadin garatuko diren gelaxka horiek "erabilgarriak direla", eta "bigarren pauso batean" haien "industrializazio eta fabrikazio masibora" saltoa egin litekeela ondo bidean. 

Proiektuak 700 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatuko du, eta 800 lanpostu sortu ditzake. Arestian aipatu bezala, CICenergiGUNEk izango du lidergoa, baina oraindik ez da baieztatu enpresa handiren batek hartuko duen parte. Dena den, funtsak banatzerako garaian, trakzio indar handiko enpresak izatea hobetsiko zuela jakinarazi zuen Espainiako gobernuak. Basquevolti dagokionez, zurrumurrua zabaldu zen duela aste batzuk Mercedes-Benzek izan zezakeen parte hartzearen inguruan, baina oraindik ez da ezer iragarri ofizialki. Bihar jakingo da Basquevoltek zein bazkide izango dituen.

Informazio gehiago
Egun erabakigarriak bateria elektrikoen gelaxken lantegiaren euskal apustuarentzat
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK