Egun erabakigarriak bateria elektrikoen gelaxken lantegiaren euskal apustuarentzat

Ostiralean bukatzen da ibilgailu elektrikoaren ESEPEra aurkezteko epea. Basquevolt bateria elektrikoentzako gelaxken lantegia da Eusko Jaurlaritzaren apustu nagusia. Azken egunetan, politikariak baikor agertu dira erreferentziazko enpresak proiektuan sartu daitezkeelako

Argazkia: CICenergigune Argazkia: CICenergigune

Ostiral honetan, ekainaren 3an, bukatzen da Ibilgailu Elektrikoa eta Konektatua Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoari  (ESEPE, gazteleraz PERTE) lotuta jasotako laguntzak eskatzeko epea. Hasiera batean, maiatzaren 3a zen epemuga, baina Espainiako Gobernuak hilabete luzatu zuen. Programak 2.975 milioi euroko aurrekontua du, Europako Next Generation funtsetatik datorrena, eta aurkeztutako proiektuak lehian arituko dira, norgehiagoka, dirua eskuratzeko.

Hiru proiektu nagusi aurkeztu dira ESEPE honetara Espainiako estatuan. Lehena, Volkswagen taldeak Sagunton (Valentzian) baterien makrolantegia egiteko ekimena. Egitasmoak 10.000 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta zuzeneko 3.000 lanpostu sortzea aurreikusi da. Lantegia 2026rako abian izango da, eta bertan ekoiztutako bateriak Landabengo (Iruñea) lantegian erabiliko ditu Volkswagenek. Saguntoko egitasmoan Iberdrola bidaide izango du konpainia alemaniarrak.

Hegokoreako Iljin Materials konpainia ere ESEPE honetara aurkeztu da. Ibilgailu elektrikoetarako beharrezkoa den osagai baten lantegia berria irekiko du Mont-roig del Camp herrian (Tarragona). 600 milioi euroko inbertsioa izango du proiektuak, eta zuzeneko 500 enplegu sortzea espero da. 2024rako martxan jarri nahi dute.

Hasiera batean, maiatzaren 3a zen epemuga, baina Espainiako Gobernuak hilabete luzatu zuen

Euska Herriko Irizar Taldeak ESEPE honetako funtsak lortzeko CAPITAL egitasmoa aurkeztu du. Helburua da garraio-sektorea deskarbonitzatzeko autobusaren balio-katea eta hari lotutako azpiegitura garatzea. Irizarrek abian jarri du 21 konpainiek osatutako partzuergoa, gehienak enpresa txiki eta ertainak (ETE) direlarik. Proiektuak 63 milioi euroko aurrekontua du, eta Iberdrola konpainiak ere parte hartuko du. 

Badira beste autonomia erkidegotako proiektutan parte hartzen duten euskal enpresak ere, hala nola Fagor Ederlan, Gestamp edo Cie Automotive.

Basquevolt, Eusko Jaurlaritzaren apustua

Autogintzaren alorra garrantzitsua da euskal ekonomian. Hainbat kalkuluren arabera, alor horrek % 20 pisua du EAEko BPGan. Trantsizio energetikoaren alorrean ematen ari diren urratsak dira autogintzaren sektorearen erronka nagusiak, eta ibilgailu elektrikoek eraldaketa nabariak ekarriko dizkiete euskal enpresei. Besteak beste, osagai arinagoak eskatzen ditu, eta industriak bere burua berrasmatu egin beharko du.

Osagaiekin batera bateriak dira aldaketaren ardatz nagusia. Basquevolt proiektua horren adibide argia da. Lankidetza publiko-pribatuan garatutako proiektua da, CIC energiGUNEk gidatua. Euskal Herriko zein nazioarteko enpresek hartzen dute parte bertan. Basquevolt anbizio handiko proiektua da. Bateria elektrikoetan ezinbestekoak diren egoera solidoko gelaxken ekoizpena du helburu. Hala, Europan erreferentziazko gigafaktoria izan nahi du bateria-mota horretan,  estimatutako 106GWhko ekoizpenarekin 2026rako.

Lankidetza publiko-pribatuan garatutako proiektua da, CIC energiGUNEk gidatua. Euskal Herriko zein nazioarteko enpresek hartzen dute parte bertan

Proiektuak 700 milioitik gorako inbertsioa eskatuko du eta 800 lanpostu sortu ditzake. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko 30 milioi euro agindu ditu proiekturako, eta Ibilgailu Elektrikorako ESEPErako aurkeztu nahi du. Horretarako, baina, ezibestekoa da erreferentziazko bidaidea topatzea. Funtsak banatzeko orduan, trakzio indarra duten enpresen partehartzea hobesten da. Orain arte hori izan da Basquevolt egitasmoak faltan izan duen osagaia. Azken egunetan, baina, zurrumurru ugari zabaldu dira Mercedes-Benz konpainiak izan dezakeen parte-hartzearen inguruan. Basquevolt Miñaoko Parke Teknologikoan kokatuta dago, Gasteizko Mercedeseko lantegitik hurbil. Euskal konpainia elektriko ezagun baten partaidetza ere iragarri dezake hurrengo egunetan, baina momentuz ez dute ezer publiko egin. 

Aste honetan bertan, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak Arabak baterien fabrika hartzeko "baldintza eta betekizun guztiak" betetzen dituela esan du. CIC Energiguneren bidez "teknologia dugula" nabarmendu du, baita "automobilen eta osagaien ekoizpena" ere. "Proiektu honek pausoak ematen jarraitzea, oso berri ona da", gaineratu zuen.

Politikariak, baikor agertu dira Basquevolt proiektuaren inguruan. Bidaide joatekoak diren enpresek, baina, oraindik ez dute ofizialki ezer adierazi. EnpresaBIDEAk kontsultatu dituen iturriek albisteak aurki espero direla adierazi dute. Egun erabakiorrak Basquevolt proiekturako; eta euskal industriarentzat ere bai.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK