Europak Errusiarekiko menpekotasun energetikoari aurre egiteko makroinbertsioa iragarri du

Batasunak 210.000 milioi euro bideratuko ditu RepowerEU planaren bitartez Europako subirautza energetikoa lortzeko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Europar Batasunak 210.000 milioi euroko inbertsio berri bat iragarri du 2027ra arte. Helburua Errusiarekiko mendekotasun energetikoarekin amaitzea da, energia berriztagarriak bultzatuz. Europako Batasunak egindako kalkuluen arabera, Errusiako petrolioarekiko eta gasarekiko mendekotasunak urtean 100.000 milioi euroko gastua suposatzen du. Zenbateko hori aurreztu egingo litzateke programa berria batasuneko estatu kide guztietan ezarrita.


Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteorde exekutiboak energia aurreztea, energia-iturriak dibertsifikatzea eta berriztagarrietarako trantsizio energetikoa bizkortzea jarri ditu planaren ardatz nagusitzat. Repower planaz gain, EBk 255.000 milioi euroko laguntza iragarri du berreskurapen- eta erresilientzia-funtsetik. Partida hori isurketa-eskubideen edo aurrekontu orokorraren baliabideen bidez handitzea espero du Europako Batasunak.

Batasunaren arabera, Errusiarekiko mendekotasunarekin bukatzeko energia aurreztea epe laburrean neurri eraginkorrena da, bai eta kontinenteko herritarrek jasaten dituzten faktura elektriko handiak murrizteko ere. Hala, Europako Batzordeak argitaratuko dituen gomendien bitartez gasaren eta petrolioaren eskaria % 5 murriztea espero du.

Inportatutako energiaren jatorria dibertsifikatzeari dagokionez, EBk elkarrizketak hasi ditu hirugarren herrialdeekin, ekitaldi honetan gas natural likidotuaren "hornidura errekorra" Europara eramateko. Timmermansek energia-iturri berrietarako trantsizioa ere aldarrikatu du, hala nola hidrogeno berderako trantsizioa. Zentzu horretan kostuak murriztuko dituen baterako erosketa-mekanismo bat proposatu du.

Europak aurkeztutako planean energia berriztagarriek ere garrantzi handia dute. Hala, Batzordeak energia-iturri berdeak Europan garatzeko helburuak eguneratu ditu, 2030erako % 45eraino, orain arteko estrategiak ezarritako % 40tik bost puntu gorago. Kopuru hori 2025a baino lehen eguzki-energia handituta lortuko litzateke eta baita eraiki berri diren etxebizitzetan eguzki-panelak instalatzeko arauekin ere.
 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK