Gasaren prezioari muga jartzea onartu du Espainiako Gobernuak

Sei hilabetez megavatio/orduko 40 eurokoa izango da, eta apurka-apurka igoko dute 48,8ko topera iritsi arte

Argazkia: Nortegas Argazkia: Nortegas

Azkeneko asteetan puri-purian izan da salbuespen iberiarra deiturikoa. Madrilen ezohiko Ministro Kontseiluan egin dute gaur goizean gaia jorratzeko, eta Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroak ondoren iragarri duenez, gobernuak baiezkoa eman dio gasaren prezioa megavatio/orduko 50 eurora mugatzeko mekanismoari, betiere handizkako merkatuan. "Aurrekaririk ez duen edo aurrekari gutxi dituen neurria da", nabarmendu du Riberak, baita Europak ulertu duela tresna hau kontsumitzaileak babesteko "aterkia" besterik ez dela. Neurriak etxeko kontsumitzaileen % 37ari eta industrialen % 70ari eragingo dio gutxi gorabehera, ministroak adierazi duenez.

Modu horretan, hamabi hilabetez energiaren eta gasaren prezioak ez dira eskutik joango. Hasiera batean 40 euroko muga izango da, eta pixkanaka-pixkanaka muga hori igotzen joango da 48,8 eurora iristeraino. Mekanismoa, printzipioz, bihar argitaratuko da BOEn, eta igandean sartuko da indarrean. Une honetan, merkatuaren erreferentzia prezioa MWh/orduko 100 eurokoa da, gutxi gora behera.

Espainiak ez ezik, Portugalek ere onartu du mekanismoa. Hurrengo pausoa izango da Europako Batzordeak guztizko baiezkoa ematea ezarritako mekanismoari, hori inolako mugarik gabe aplikatu ahal izateko.

Mugak jartzeko negoziazioa hasieran iragarritakoa baino luzeagoa izan da. Europako Batzordearen eta Espainia eta Portugalen arteko akordioa apirilaren 26an iritsi zen. Bazirudien maiatzaren 3rako baiezkoa izango zutela bi gobernuek, baina Bruselak astebete atzeratu zuen erabakia.

Beste herrialde batzuetara zabaldu?

Hasiera batean salbuespen iberiarra deitu bazaio ere, aste honetan El Paisek atera zuen Europako Batzordea aztertzen ari dela neurria beste zenbait herrialdeetara edo Europa osora zabaltzeko aukera. Izan ere, Errusiak erabakiko balu kontinente zahar osoko gas horniketa bertan behera uztea —joan den hilabetean Poloniarekin eta Bulgariarekin egin bezala, eta atzo Yamalekin egin bezala—, Bruselatik beharrezkotzat joko lukete zenbait neurri gehiago hartzea, egun daudenek soilik prezioen gorakadarako balio dezaketelako. Prezioak mugatzeaz gain, gasaren errazionamendua izan daiteke beste neurrietako bat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK