Kursaal sozietateak, Kursaal kongresu-jauregia eta Miramar jauregia kudeatzen dituen sozietateak, 6,7 milioi euro fakturatu ditu 2025ean. Aurreko urtean baino %17,7 gehiago da, %34,5eko hazkunde metatua 2023tik. Gauzak hala, 2024-2027 plan estrategikoan ezarritako helburua bi urteko epean lortu du sozietateak. EBITDA 1.909.840 eurokoa izan da, aurreko urtean baino % 66,1 gehiago.
Aurrerapauso horretan, jarduera maila "bikaina" gako izan da, 511 jarduera eta 420.403 bisitari hartu dituztelako Kursaal eta Miramarrek. Kursaalen ia-ia kultur zein kongresu eta lan-bilera kopuru bera egin da, 162 eta 149 hurrenez hurren, eta Miramarren, berriz, jarduera profesionala izan da nagusi 2025ean. Bisitariei erreparatuta, aldiz, kultur jarduerak izan du pisu gehien, 295.889 lagun erakarri baititu; jarduera kongresual eta profesionaletik, berriz, 124.749 parte hartzaile igaro dira Kursaaletik eta 20.000 Miramarretik. Horrek ekarri du, hain zuzen, diru-sarreren hazkundea. Edozein kasutan, emaitza lortzeko gako izan da halaber, gastuaren "kudeaketa eraginkorra" egitea.
Fakturazioko emaitza onak ez ezik, lurraldean duen eragin ekonomikoan ere ikusi da 2025 urte historikoa izan dela. 70,1 milioi eurokoa izan da eragin hori, sozietatea sortu zenetik urterik onena.
Lortutako emaitzei esker, azpiegiturak hobetzeko inbertsio-planean aurrera egin ahal izan du sozietateak. 2025ean 4,4 milioi inbertitu ditu horretan, eta 2,2 milioiko inbertsioa aurreikusi dute 2026rako, besteak beste Miramar jaurdegia birgaitzeko hirugarren fasea martxan jartzeko, eta Kursaal auditorioko C guneko besaulkiak berritzeko. Era berean, argiztapen eszenikoko ekipamendua eguneratu eta hozteko makinetako bat ordezkatzea ere aurreikusi da.