Abian da Fabrika, enpresen kultura eraldaketarako zentroa

Adegiren apustutik jaio da. Izan ere, patronalak 2014an abiarazi zuen enpresen eraldaketa kulturala sustatzeko prozesua

Ordezkari instituzionalak, gaur goizean, Fabrikaren aurkezpenean | Argazkia: Mikel Arrazola/Irekia Ordezkari instituzionalak, gaur goizean, Fabrikaren aurkezpenean | Argazkia: Mikel Arrazola/Irekia

"Kultura berriaz hitz egitetik, kultura berria fabrikatzera igaro". Hala deskribatu du José Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak Fabrikaren helburua. Izan ere, gaur goizean Enpresen Eraldaketa Kulturalerako Errendimendu Altuko Zentroaren inaugurazioa izan da, Iñigo Urkullu lehendakariaren gidaritzapean. Urkulluk "zentro aitzindaritzat" jo du, eta aldi berean nabarmendu du baliagarria izango dela "arrisku eta berrikuntzari loturiko esperientzia". Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Eduardo Junkera Adegiko presidentea, Arantxa Tapia sailburua, Antonio Garamendi eta Isabel Busto CEOE eta Confebaskeko zuzendariak, Markel Olano eta Unai Rementeria Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputatu Nagusiak, Eneko Goia Donostiako Alkatea eta Denis Itxaso Espainiako gobernuko Euskadiko ordezkaria.

Aipaturiko zentroa hainbat sektore, tamaina, toki edo forma juridikoko enpresei zuzenduta dago, eta Ayerzaren hitzetan erakundeei eta bertako pertsonei eraldaketa kultural "adimentsua" egiten "laguntzea" da Fabrikaren helburua. Horretarako, elkarlan "publiko-pribatuaren" garrantzia azpimarratu du. Halaber, Fabrika metodoa izeneko metodologia propioa du. Zientzia du oinarrian, zehazki, sistema bizidun konplexuen teoria eta Jose Luis Escorihuela I+Gko zuzendariak garatu du. Escorihuelak "talde-lana" defendatzen du, eta horrekin batera aldaketak ez daitezen soilik gauzatu zuzendaritza taldeetan, baizik eta erakundearen gainontzeko mailetara ere zabaldu daitezen.

Fabrikak Donostian du egoitza, Miramongo parke teknologikoan, 2022ko uztailean bukaturiko eraikin batean. Hura egiteak 6 milioi euroko kostua izan du, eta horietatik 600.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena izan dira. Bost solairu ditu, 4.550m2ko lur-eremuan, eta 18 areto, askotariko formatutakoak.

Adegik 2014ko urtarrilean abiarazi zuen enpresetan kultura berria bultzatzeko apustua, eta horren emaitza gisa uler daiteke Fabrika.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK