Bizkaiko metaleko grebak aurrera darrai

Sindikatuek greba jardunaldiak %85eko erantzuna izan duela azaldu dute; patronalak, aldiz, jarraipena %21ekoa dela dio

Bizkaiko metalaren greba jardunaldiko manifestazioa | Argazkia: Europa Press Bizkaiko metalaren greba jardunaldiko manifestazioa | Argazkia: Europa Press

Bizkaiko metaleko grebaren bigarren eguna da gaurkoa. ELA sindikatuak jakitera eman duenez, bigarren jardunaldiak ere langileen gehiengoaren babesa izan du, eta piketeak eta manifestazioa izan dira goizean. FVEM Bizkaiko metalaren elkarteari aberastasuna “modu justu” batean banatzeko eskatu dio ELAk, prekarietateari aurre egiteko egiazko neurriak hartzearekin batera.

Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, grebaren eraginez negoziazioekin berriro hastea espero du, langileen lan baldintzak hobetuko dituen akordioa lortzeko.

Atzo hasi zuten greba eta ostiralera arte luzatzeko asmoa dute, sindikatuek eta FVEM patronalak oraindik ez baitute beste bilera bat egiteko hitzordurik. CCOO, LAB eta UGT sindikatuen arabera, %85eko erantzuna izan dute atzoko eta gaurko greba jardunaldiek. Patronalaren arabera, ordea, grebaren jarraipena %21ekoa da eta, ohar bidez adierazi duenez, hiru enpresatik bi “normaltasunez” ari dira lanean. Era berean, orain arte greba gehienbat Durangaldean egin dela adierazi du.

Akordioaren bila

Pasaden ostiralean izan zen sindikatuen eta patronalaren azken bilera. Akordiorik egon ez zenez, sindikatuek bost eguneko greba deitzea erabaki zuten, astelehenetik ostiralera. FVEM patronalak egindako proposamena ez zitzaien sindikatuei gustatu, nahiz eta aurrerapenak egon zirela onartu zuten. Azken aurrerapen horiek aurreko bi greba deialdiengatik izan direla uste dute sindikatuek eta horregatik antolatu dute hirugarrena.

Patronalak, bere aldetik, akordio batera iritsi nahi duela ziurtatu du eta sindikatuei eskatu die “euren azken proposamenari jaramon egiteko” eta “grebarekin jarraitzeari uko egiteko”, ez dutelako “inolako eraginik” izango euren jarreran.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK