Euskararekiko konpromisoa enpresetan lantzeko tresna

Eralan5 enpresen erantzukizun linguistikoa lantzeko eredua sortu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Edozein ingurune soziolinguistikotan kokatutako enpresetan eredua aplikatzeko gida argitaratu dute horretarako

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Enpresaren Erantzukizun Linguistikoa kudeatzeko Eredua (EEL Eredua). ERALAN5 gida izeneko argitalpenak baliabideak eskaintzen ditu Enpresaren Gizarte Erantzukizuneko (EGE) gaien artean erantzukizun linguistikoa lantzeko eta hizkuntzak kudeatzeko, arau etikoen eta sozialen araberako onurak agerian jarrita. Helburua da esparru sozioekonomikoan euskara indargune izango duen hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa aurreratua abian jartzeko tresna eskaintzea.

Gidaren egileak Eralan proiektuaren zuzendari Auxkin Galarraga (UPV/EHU) eta koordinatzaile Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra) dira. Hala ere, egileez gain, soziolinguistika, akademia eta enpresaren esparruko hainbat aditu eta eragilek parte hartu dute argitalpenaren sortze-prozesuan. Eralan proiektua Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin garatzen da.

Enpresetako diskurtsoak euskararen aldekoak izaten dira, baina gero ez dira sarritan asmo horiek gauzatzeko gai

Eralan proiektua 2018an jaio zen, eta egileen esanetan, bi behar nagusi antzeman zituzten. Alde batetik, lehenagotik eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko eginak ziren urratsak eta garatu ziren tresnak bateratzeko beharra: “izan ere, euskal enpresetan aspalditik zegoen beharra euskararen erabilera sustatzeko eta plangintzak eraginkorrak izateko. Nahi horrekin abian jarri zen proiektua, hizkuntza-normalizaziorako planak onartuta zituzten lan-munduko erakundeetan; erronka zen euskararen erabileran eragiten duten aldagaiak identifikatzea, horiek aztertzea eta positiboki eragiteko metodologiak sortzea, inplementaziorako baliagarriak izan zitezen”. Bestetik, gaur egun enpresek bizi dituzten erronka eta beharrizanekin guztiz bat egiten zuen ekimen bat sustatu nahi zuten, zehazki, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa aurreratuari erantzun egoki eta arduratsua emateko.

Euskal enpresen errealitatea hizkuntza mailan

Baina nahia edo asmoak gauza bat dira, eta praktika, sarritan, oso bestelakoa. Onartu beharra dago enpresen egungo errealitatean indar kontrajarriak presente daudela hizkuntzen kudeaketari eta euskararen erabilerari dagokionean. Diskurtsoak euskararen aldekoak izaten dira, baina gero ez dira sarritan asmo horiek gauzatzeko gai. Galarraga eta Urangaren esanetan “batez ere, laguntza teknikoa eta tresna erabilgarriak behar direla esango genuke, eta baita diskurtso berriak ere". Enpresek duten nahia bideratzeko, eta euskaraz lan egitea errealitate bihur dadin bitartekoak eskaini behar direla diote biek, eta ekiteko baldintzak sortu. "Horregatik, eredu honek laguntzen du enpresaren aniztasun linguistikoaren azterketa egiten, baina baita euskararen balio erantsia ezagutzen ere, euskararen ezagutzaren kudeaketa ziurtatzeko modua erakusten baitu eta pertsonen talentua hobeto kudeatzeko tresnak ezagutzen laguntzen baitu. Globalizazioaren testuinguruan hizkuntza gutxituen balioa enpresaren helburu zabalagoan integratzeak laguntzen du identitate soziala sendotzen”, gaineratu dute.

Eredu honek laguntzen du enpresaren aniztasun linguistikoaren azterketa egiten, baina baita euskararen balio erantsia ezagutzen

Gida, marko teorikoaz gain, aplikaziorako kudeaketa-eredu bat lantzeko tresna da, esparruz esparru enpresaren ezaugarrietara eta dituen beharretara egokitzen dena. Bestela esanda, diagnosia egitetik, interes-taldeen beharrizanak ezagututa, ekintza-planaren diseinua egitera arte.

Galarraga eta Urangak nabarmendu dute edozein motatako enpresentzat izan daitekeela egokia eredu hau. “Hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa beharrezkotzat eta garrantzizkotzat jotzen duen edozein enpresak jo dezake EEL Ereduan bildutako kudeaketa-tresna eta metodoetara, izan handi, izan txiki, alor honetan aurrerapausoak eman ahal izateko”.

Elhuyar: teoriatik praktikara

Elhuyar Sozilinguistika Klusterreko bazkide da, eta Klusterrak proposatzen dituen proiektuetan parte hartzen du. Honetan ere parte hartu du, lan-eremuko erabilera-planak berritzea baita Eralanen helburua, eta Elhuyarrek eremu horretan lanean daramatza 25 urte baino gehiago. Horiek horrela, beste hainbat erakunderekin batera Eralan5-en prozesu osoan parte hartu du Elhuyarrek, eta eredua aplikatzeko lehen enpresa ere prest egon litekeela diote. "Enpresa batek euskararen erabilera eta ezagutzaren gaineko diagnostikoa egiteko eskatu digu, eta hasiera-fase horretan Eralan 5ek proposatzen dituen kontu batzuk txertatzea erabaki dugu. Izan ere, aurretik erabiltzen genuen metodologia osatzera dator”, azaldu du Maddi Etxebarria Elhuyarreko aholkularitza alorreko koordinatzaileak.

Eta, testuinguru honetan, zein da euskal enpresen egoera eta inplikazio maila hizkuntzari dagokionez? Etxebarriaren ustez lan handia dago egiteko: "Euskara-plana duten enpresa asko ez dira; hizkuntzak, ordea, guztiek kudeatzen dituzte. Izan ere, enpresa guztietan daude hizkuntza edukidun elementuak, eta horiek zein hizkuntzatan jarriko dituzten erabaki behar dute (webgunean, intraneta, mezuak, errotulazioa, elkarrizketak, telefonoko lehenengo hitza, eta abar)", adierazi du Etxebarriak. Aurrerapausoak eman badira ere, oraindik ere bidea dago egiteko. "Egia da azkeneko 25 urteetan gizartea aldatu egin dela, eta horrek enpresetan ere isla izan du. Euskarak lehen baino presentzia handiago du, dudarik gabe. Hala ere, euskal gizarteak duen gaitasun eta ezagutzatik oso urrun dago; alegia, gaur egun egiten dena baino askoz gehiago egin daiteke”, gaineratu du.

Maddi Etxebarria: "Euskara-plana duten enpresa asko ez dira; hizkuntzak, ordea, guztiek kudeatzen dituzte"

Bestalde, nabarmendu du euskal enpresa asko nazioartean ere badabiltzala, eta kasu horietan oraindik hizkuntza gehiago kudeatu behar izaten dituztela. "Ziur gaude, hemengo egoitzetan euskara eta gaztelaniara kudeatzeko urratsak eman dituztenek, askoz ere erabaki hobeak hartzen dituztela nazioartean hizkuntzak kudeatzeko orduan”, esan du Elhuyarrekoak.

Enpresek gauzatzen dituzten negozio-prozesu desberdinetan euskarak eremu zehatzak bereganatzen joan behar duela sinetsita jarri da abian Eralan5 proiektua. Eta edonola ere, garbi dute sortzaileek: enpresa, administrazioa, sindikatu, euskalgintzako eragile, kultur eragile, hezkuntza-komunitatearen partaide, komunikabide eta gizarte-eragile desberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da lan-esparruaren euskalduntzean irmoak izan daitezkeen urratsak egin daitezen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK