Gasteizko Mercedesek markaren modelo elektriko berria ekoitziko du

2025 hasieran merkaturatuko dira lehen ibilgailuak

Gasteizko Mercedesen lantegia | Argazkia: Mercedes Gasteizko Mercedesen lantegia | Argazkia: Mercedes

Mercedesek dagoeneko baieztatu du Gasteizko lantegia izango dela bere modelo elektriko berriaren ekoizleetako bat. Irailean baieztatu zuen albistea Emilio Titos Gasteizko plantako zuzendariak, baina Alemaniako multinazionalaren baieztapen ofiziala falta zen eta gaur iritsi da.

Gama altuko monobolumen elektrikoa izango da ekoitziko dutena, eta 2025eko lehen hilabeteetan prest izango dira lehen ibilgailuak.

Hala, auto elektrikoen ekoizpena bi urte barru hasiko da, eta egun Gasteizen egiten diren beste bi modelorekin uztartuko da, Vito eta V klaseko furgonetekin. Hasiera batean konpainiak 2024ean eten nahi zuen bi modelo horien ekoizpena, baina iritziz aldatu zuen eta beste lauzpabost urtez luzatuko da. Orain, ibilgailu elektrikoak Gasteizen ere ekoitziko direla baieztatuta, zenbat ekoitziko diren jakitea da hurrengo pausoa.

Gasteizko lantegiaren zeregin berriarekin batera, furgoneta elektriko handiak Polonian egingo dituztela jakinarazi du Mercedesek, Jawor hirian eraikiko duten planta berrian. Gaur egun Dusseldorfen (Alemania) egiten dituzte erabilera komertziala duten ibilgailu eredu horiek, baina datorren urteko bigarren erditik aurrera furgoneta handi elektrikoak ere muntatuko dituzte han, eta baita txasis-kabina ereduak ere. Azken horiek Ludwigsfeldeko lantegian (Alemania) egiten dituzte egun.

Behin Europako lantegietako banaketa erabakita, konpainiak Gasteizko lantegian egin asmo zuen 1.200 milioi euroko inbertsioa baieztatzea falta da orain. Ziurtzat jo zen jada uztailean, baina, dirua iristea falta da oraindik.  Gasteizko Udalak lantegia ia 24 hektarea handitzeko baimena eman zion Mercedesi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK