• ENPRESAK GAUR
  • Gozogintzako produktuen marka propioa merkaturatu du Gureakek

Gozogintzako produktuen marka propioa merkaturatu du Gureakek

Eroskirekin egindako lankidetzari esker Gureak Labea markako produktuak saltokietan erosi ahal izango dira

Gureak Labea markaren aurkezpena | Argazkia: Gureak
Gureak Labea markaren aurkezpena | Argazkia: Gureak
2026ko ekainaren 17a - 12:38
Eg. 2026ko ekainaren 17a - 13:57

Mende erdiko historian lehen aldiz, Gureak taldeak gozogintza produktuen marka propioa merkaturatuko du: Gureak Labea. “Mugarri bat da enpresa-taldearen ibilbidean”, adierazi dute konpainiakoek. Izan ere, 2012az geroztik Gureakek gozogintzako produktuak egin izan ditu bestelako bezeroentzat, baina hemendik aurrera marka propioaren pean eskainiko ditu zenbait produktu. 

 

Proiektua Eroskirekin egindako lankidetzaren ondorio da. Bi erakundeek apustua egin dute “desgaitasunen bat duten pertsonentzat lan aukerak sortzen jarraitzeko” eta nabarmentzeko “euren lana, konpromisoa eta kalitatezko produktuen lerro bat sortzeko gaitasuna”; horregatik, Gureak Labea markaren baitan ekoitzitako produktuak, dela galletak, dela mojikonoak, Eroskiko supermerkatu guztietan izango dira eskuragarri, bai Hego Euskal Herrian, baita Aragoiko zenbait dendetan ere. 

Produkzioa Errenterian kokatutako obradorean egiten da. Hain zuzen ere bertan egin dute gaur markaren aurkezpena, eta bertaratutakoek aukera izan dute produktuen ekoizpen-prozesua bertatik bertara ezagutzeko. Gureakek jakinarazi duenez, obradorean 36 pertsonek egiten dute lan; “horietatik 20 laguntza-premia handiak dituzten pertsonak dira, hau da, batik bat desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala dutenak”, zehaztu du taldeak. Besteak beste, txia eta almendra duten gurinezko galletak, gurinezko txokolatedun galleta arrosak, eta mojikoiak (naturalak zein txokolatezkoak) prestatzeaz arduratuko da lantaldea, baita cookieak eta galleta multi-zerealak ere; etorkizunera begira, “bizkotxoen eta briocheen lerro berri bat garatzeko lanean” ere ari dira. “Osagai sekretua inklusioa da” lelopean jaio da marka.

 
Gureak Labea gama | Argazkia: Gureak
Gureak Labea gama | Argazkia: Gureak

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain