Hartzekodunen konkurtsoak: bukatu da luzamendua

COVID19ko pandemiaren hasieran abiatu zuten luzamendua. Prorroga ugari eta gero gaur bukatuko da. Litekeena da uda ostean konkurtsoen gorakada ematea.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ospe txarra dute hartzekodunen konkurtsoek. Enpresen porrotekin lotzen ditu jendeak baina tresna bat baino ez da. Enpresa batek ez-ohiko finantza egoera bati aurre egiteko tresna da, behin-behinekoa. Prozesu juridikoa da berez, enpresa edo pertsona baten kaudimengabezia eta likidezia arazoei aurre egiteko erabiltzen dena. Helburua, alde batetik, hartzekodunek kobratu ahal izatea da eta, bestetik, negozioaren jarraipena lortzeko eta porrota saihesteko konponbideak bilatzea. 2003an sartu zen indarrean egungo konkurtso legea eta urte hauetan zehar hainbat aldaketa izan ditu. Horren aurretik zeharo zaharkituta zegoen araudi multzoa zegoen. 

Angel Toña Guenaga ekonomilari ondarrutarrak oso ondo ezagutzen ditu prozedura hauek. 70 urte dauzka eta eskarmentu handia du hartzekodunen konkurtsoen alorrean. Izan ere 1997an hasi zen administratzaile bezala Urdulizko (Bizkaia) Mecánica de la Peña enpresa historikoaren hartzekodunen konkurtsoan. Lan munduari begirada ezberdinetatik begiratu izan dio Toñak. Abokatu laboralista gisa jardun du, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Gizarte eta Zientzien fakultateko dekanoa izan da eta Eusko Jaurlaritzako lan sailean ibilitakoa da. Sailburua izatera ere heldu zen. Egun PKF-Attest zerbitzu profesionalen enpresako kidea da eta hartzekodunen konkurtsoetan administratzaile gisa aritzen da. Berak esan bezala "krisi guztiak, modu batean zein bestean" bizi izan ditu. Diktadura osteko Eusko Kontseilu Nagusia eta lehen Eusko Jaurlaritzan aritu zen lan arloko kontuetan. Garai horretan krisi-industriala gertutik ezagutu zuen. Gerora pairatu ditugun krisietan lan egitea tokatu zaio eta bere lan ibilibidean zientoka konkurtsotan parte hartzea egokitu zaio.

Tresna egokia baina gaizki erabilia

Toñaren ustez hartzekodunen konkurtsoa tresna egokia izan daiteke ganoraz erabiltzen bada. Finantza eta likidezia arazoak agertzean erabili behar da, bere ustez, kaudimengabezi egoera kronikoa heldu aurretik. Beste herrialde batzuetan ondo erabiltzen den tresna da, Alemanian esaterako, baina Euskal Herrian konkurtsoekiko jarrera "bestelakoa" dela dio Toñak. Bere ustez "eustearen" kultura dago hemen eta konkurtsoa ez deitzeko. Konkurtsoak enpresen likidazioekin lotzen ditu jendeak eta konkurtsoa deitzean enpresek traba askori egin behar diete aurre. Bankuek, esaterako, ateak ixten dizkiete konkurtso-egoeran dauden enpresei. Aurreiritzi asko daudela uste du Toñak eta horregatik ez da modu egokian erabiltzen. Enplegua aldi batera erregulatzeko espedienteen pare jartzen ditu Toñak konkurtsoak. Duela gutxi arte apenas ezagutzen ziren baina pandemiak protagonismoa eman die eta erabilgarriak izan dira enpleguari eusteko. Konkurtsoak ere, ondo erabiliz gero, enpresei likidezia arazoei aurre egiteko baliagarriak direla sinetsita dago.

Alemanian konkurtsoak oso eraginkorrak dira baina Euskal Herrian enpresek beranduegi deitzen dituzte, egiteko ezer gutxi dagoenean

Konkurtsoa deitzen denean enpresaren finantza kudeaketa konkurtso-administratzailearen esku gelditzen da. Administratzaileak hartzekodun guztiengana jotzen du zorrak zeintzuk diren jakiteko eta horrela enpresaren ondarearen azterketa egiteko. Enpresaren finantza egoera bideratzeko proposamenak planteatzen ditu eta, kasu batzuetan, hartzekodunei zorraren murrizketak egiteko eskatzen die. Ondo bidean zorrei aurre egiteko egutegi berria eta zorren murrizketa adostu egiten da. Modu horretan enpresak arnasa hartzen du bere jardunari lasai ekiteko. Hori, baina, ez da ohikoena. Izan ere konkurtsoen % 90tik gora likidazioan bukatzen dira. Hala enpresaren aktiboak saldu egiten dira zorrak ordaindu ahal izateko. Horretarako zorren hurrenkera egiten da. Berme sendoagoak dituzten zorrek lehentasuna dute eta administrazio publikoenak, ere bai. 

Koronabirusak eragindako egoera ekonomikoari aurre egiteko neurrien artean Espainiako Gobernuak hartzekodunen konkurtsoak legez deitzearen beharra bertan behera uztea onartu zuen. Hilabete batzuetarako neurria baino ez zen izan hasiera batean, baina Pedro Sánchezen gobernuak neurria luzatu egin zuen, gaur arte. 

Enpresa batek hartzekodunen konkurtsoa eskatu behar du hiru hilabetez kaudimengabezi egoeran dagoenean. Epe hori igarota edozein hartzekodunek konkurtsoa deitu dezake. Era berean, enpresaren administratzaileak ez badu garaiz konkurtsoa deitzen eta horrek hartzekodunen bat kaltetzen badu, hartzekodun horrek administratzailea salatu eta erruduntzat hartzeko eskatu dezake. Gobernuak onartutako ez-ohiko luzamenduak derrigortasun hori indargabe utzi zuen. Hasiera batean epe laburrerako espero zen neurria baina bi urte baino gehiagoz luzatu egin da.

Ez dago argi zenbat enpresa ari diren "zombien" moduan irauten luzamenduari esker, baina kezka handia dago luzamendua igarota etor litekeen konkurtso oldeagatik.

2021ean 565 hartzekodun-konkurtso egon ziren Hego Euskal Herrian. Portaera, baina, oso ezberdina izan da lurraldeen artean. Nafarroan handitu ziren konkurtsoak gehien, % 32,1. 2022ko lehen hiru hilekoan ere, aldeak egon dira lurraldeen artean. Nafarroan % 144 handitu dira, Araban berdin mantendu dira eta Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, jaitsi. 

Ez dago argi zenbat enpresa ari diren "zombien" moduan irauten luzamenduari esker, baina kezka handia dago luzamendua igarota etor litekeen konkurtso oldeagatik. Litekeena da behin luzamendua igarota hiru hilabeteko epea berriro martxan jartzea eta,hortaz, uda osterako konkortsoen oldea espero da. Espainian 10.000 konkurtso baino gehiago egotea espero duten hainbat adituk. Hego Euskal Herrian ere kezka badago eta merkatal arloko auzitegi berriak ireki dituzte Bizkaia eta Gipuzkoan konkurtsoen izapideak azkartzeko. 

Konkurtso-legearen erreforma berria onartzear

Konkurtso-legearen aldaketa eztabaidatzen ari dira egun hauetan Espainiako Kongresuan. Atzo bertan PSOE eta Unidos Podemos alderdiek konkurtso egoeran dagoen enpresako langileek proposamenak planteatzeko orduan lehentasuna izatea adostu dute. Bi alderdiek sinatu duten akordioaren arabera, horrelako eskuraketak errazteko kotizazioak kapitalizatzeko aukera egongo da. Langileek langabezia-prestazioa erabili ahalko dute enpresa eskuratzeko kapital gisa. Legea moldatzeko proiektuak konkurtso egoeran dauden enpresen transmisioa indartu nahi du. Hala prodkuzio-unitateen salmenta sustatu nahi da, enpresaren jarduera eta enpresen ekosistema mantentzeko. Gobernuak lege berri ekainaren 30erako onartu nahi zuen baina tramiteak luzatzen ari dira. Kongresutik pasa eta gero senatura joango da. 

Informazio gehiago
Hartzekodunen konkurtsoek % 2,5 egin dute behera Hego Euskal Herrian lehen hiru hilekoan
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK