26 egunez greba egin ostean, hitzarmen berri bat adostu dute Hondarribiko (Gipuzkoa) lorezainek. Udalak azpikontratatutako Hondarribia Lorezaintza enpresarekin akordioa erdietsi dute, eta ELAk argitu duenez, orain bi urte adostutako hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaie. Denera zortzi lorezainek egiten dute lan Hondarribia Lorezaintza enpresaren kontratupean, eta bostek erabaki zuten grebara jotzea joan den urrian.
ELAk deitoratu du "garaipen berri honek errealitate garratz bat” ekarri duela, izan ere, “langileek berriz ere grebara jo behar izan dute, 2023an aurreko enpresarekin bederatzi hilabeteko borroka gogorraren ostean lortutako lan baldintzak defendatzeko”.
Astelehen honetan sinatu dute akordio berria, eta uztailaren 10etik atzeraeraginez aplikatuko da. Gaur, aldiz, enpresa berriarekin hitzarmen kolektiboa izenpetu dute.