• ENPRESAK GAUR
  • Iberdrolako langileek hirugarren greba egingo dute ekainaren 19an

Iberdrolako langileek hirugarren greba egingo dute ekainaren 19an

ELAk salatu du urtebetez negoziatzen aritu arren enpresak ez diela langileen aldarrikapenei erantzun

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko ekainaren 9a - 13:26
Eg. 2026ko ekainaren 9a - 16:43

Bi greba egun izan dituzte jada, eta hirugarrenera dei egin du ELA sindikatuak. Iberdrolako Hego Euskal Herriko langileek urtebete daramate hitzarmena negoziatzen, baina sindikatuaren esanetan, zuzendaritzak “uko egin dio langileen aldarrikapenei erantzuteari”, hala nola, enplegatuen erosahalmena mantentzeari eta gutxienez KPIaren pareko soldata igoerei. Are gehiago, ELAk salatu du konpainiaren irabaziak inoiz baino handiagoak direla: “Iberdrola burtsaren kapitalizazioaren maximoetan dago. Gainera, mozkina %47 eta akziodunaren ordainsaria %65 handitzea aurreikusten du konpainiak”, gaineratu dute.

 

Lehen bi grebak maiatzaren 29an eta ekainaren 6an egin zituzten, eta hirugarrena hil berean egingo da: ekainaren 19an. Hori baino astebete lehenago, ekainaren 12an, ospatuko du Iberdrolak 125. urteurrenaren harira antolatu duen jaialdia, Bilboko Casila Iturrizar parkean.