Iberostar taldeak Eroski Bidaiak erosi du

Bidaia enpresaren %100 erosiko du eta urtarrilaren bukaeran amaituko dute erosketa operazioa

Eroski Bidaiaken dendetako bat | Argazkia: Eroski Eroski Bidaiaken dendetako bat | Argazkia: Eroski

Pandemia dela eta bi urte korapilatsu igaro ondoren, Eroskik finantza operazio garrantzitsu bat itxi du astearte honetan. Iberostar taldeko W2M World2meet enpresak Eroski Bidaiak erosi du, Eroski taldearen eskumeneko enpresa. Bidaia enpresaren %100 erosiko du W2Mek, eta oraindik erosketaren prezioa ezagutarazi ez badute ere, urtarrilaren amaieran amaituko da erosketa operazioa. Hala ere, Eroski taldeak markaren erabilera utziko dio Iberostarri aldi baterako, trantsizioa egiteko tartea izateko. 300 langile inguru ditu Eroski Bidaiakek, bere 132 dendetan.

Eroski Bidaiak erostea beste urrats bat da Iberostarreko bidaien dibisioaren hedapen-planean, Azul Marino Viajes ere erosi baitzuen duela bi urte. Gabriel Subias W2Mko arduradunak berak aitortu du operazioak bere plan estrategikorako duen bultzada. Javier Amezaga Eroskiko zuzendari korporatiboak, bestalde, ziurtatu du operazioak turismo-alorreko profesionalen jarraipena bermatuko duela eta, aldi berean, "arrakasta eta hazkundea" iragarri dizkio bidaia-negozioari, salmentaren ostean.

Eragiketaren azken prezioa akordioa ixten denean jakinaraziko da, eragiketaren amaierara arte osatuta egongo ez diren doikuntza batzuen zain baitaude. Eroski taldeak bere oharrean adierazi duenez, eragiketak, hala eta guztiz ere, ez du "eragin garrantzitsurik" bere negozio- edo ondare-zifran.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK