InGUru+ erreminta sortu dute Adegik eta Fabrikak

Enpresei jasangarritasunaren kudeaketan laguntzeko erreminta digitala da

Fabrika eraikinaren kanpoaldea | Argazkia: Fabrika
Fabrika eraikinaren kanpoaldea | Argazkia: Fabrika
2025eko azaroaren 13a - 14:46

InGUru+ izeneko tresna digitala eratu dute Adegik eta Fabrikak elkarlanean. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako tresnak enpresen jasangarritasunaren kudeaketan lagunduko du, izan ere, konpainiek gizartean duten inpaktua neurtuko du, eta euren eragina murrizteko gida bat ere izango du. Plataformaren helburu nagusia da iraunkortasunaren kudeaketa, askotan enpresentzat konplexua izan daitekeen gaia, erraza, erakargarria eta eskuragarria bihurtzea.

 

“InGUru+ programak pertsonak eta haien arteko harremanak jartzen ditu jasangarritasun-estrategiaren erdigunean, beren helburuak lortzeko giltzarri direla ulertuta”, adierazi du Adegi patronalak. Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei zuzendutako tresna izango da, ESG irizpideak (gobernantza, gizartea eta ingurumena) betetzen laguntzeko.

Gaur goizean aurkeztu dute tresna, eta Isabel Busto Adegiko buruak azaldu du jakitun direla enpresa askorentzat zaila dela jasangarritasun irizpideak betetzea, eta InGUru+ tresnak horretan lagunduko diela. Era berean, Juan Mancisidor Fabrikako zuzendariak nabarmendu du jasangarritasuna eta enpresaren arteko harremana "ikuspegi askotatik" aztertu beharra dagoela, eta erreminta honek iraunkortasun helburuak lortzen lagunduko diela lurraldeko enpresa txiki eta ertainei.