Lanuzte egunak euskal industrian

Gasteizko Mercedesen greba eguna dute gaur ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, greba bateratuaren bezperan. Arabako eta Bizkaiko metalgintzan ere lanuzte gehiago egingo dituzte hitzarmen kolektiboa eskatzeko

Gasteizko Mercedeseko langileak greban | Argazkia: Europa Press Gasteizko Mercedeseko langileak greban | Argazkia: Europa Press

Bigarren greba eguna dute gaurkoa Gasteizko Mercedes Benz lantegian, lan hitzarmenaren negoziazioen harira. ELA, LAB eta ESK-k deitutako grebaren jarraipena %95ekoa izaten ari dela jakinarazi dute hiru sindikatuek, hilaren 22ko greban izandakoaren parekoa. Goizean goizetik piketeak egin dituzte lantegiaren sarreran, baina ez da istilurik izan. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo dute Gasteizen bertan.

Bihar greba bateratua egingo dute sindikatu guztiek, ELA, LAB eta ESKri UGT, CCOO, PIM eta Ekintzak sindikatuak batuko zaizkie. Elkarrekin egingo dituzte lanuztea zein protesta eta soldata igoera izango dute aldarrikapen nagusi, puntu horretan bat datozelako sindikatu guztiak. Hurrengo lanuzte eguna uztailaren 6a izango dute.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak berretsi du “konfiantza” duela eta Mercedeseko langileek eta enpresak “elkarrizketa eta negoziazioaren bidez” euren arteko “desberdintasunak gainditzea” espero du. Hala, Iñigo Urkullu lehendakaria Alemaniara joango da datorren astean Mercedeseko Zuzendari Exekutiboarekin Bildu eta multinazionalak aurkeztutako inbertsio-proiektuari babesa eskaintzeko, enpresa Euskadin egotea “estrategikoa” dela uste baitu.

Metalgintza ere greban

Mercedeseko biharko manifestazioa Arabako metalgintza sektorean deitutako mobilizazioekin batera egingo dute. Maiatzean hiru greba egun deitu zituzten Arabako metalgintzako sindikatuek eta biharkoa beste lau lanuzte egunetan lehena izango da. Helburua SEA patronalarekin negoziazio mahaia desblokeatzea da, Arabako Metalgintzako Hitzarmena berritzera bidean aurrerapausoak emateko.

Era berean, Bizkaiko metalgintza sektorean ere greba egunak izango dira biharkoa eta etzikoa. Sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, “borrokan” jarraituko dute “inflazioaren ondorioz erosteko ahalmena galdu gabe soldatak mantentzeko, baldintzak berritzeko eta lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea” lortu arte.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK