Michelinek lau milioi euro inbertituko ditu Gasteizko lantegian, pneumatiko isilagoak egiteko

Arabako fabrikak 600 metro karratuko azalera handituko du eta hamabi langile berri kontratatuko ditu pneumatiko isil horiek ekoizteko

Michelinen Gasteizko lantegia | Argazkia: Michelin Michelinen Gasteizko lantegia | Argazkia: Michelin

Michelinek Gasteizen duen fabrika hautatu dute ibilgailuko bidaiarien erosotasuna eta lasaitasuna areagotzeko teknologian oinarrituta dagoen ‘Acoustic’ proiektua garatzeko. Horretarako, Arabako lantegiaren instalazioak handitzea aurreikusten du enpresak, lau milioi euroko inbertsioaren bidez. Gasteizko fabrikak 600 metro karratuko azalera izango du, lantegiaren egungo perimetroan kokatuta, eta fabrikazio makina berriak izango ditu, Michelinek ohar bidez jakinarazi duenez.

Acoustic teknologiak pneumatikoaren barruan itsatsitako poliuretanozko apar espezifiko bat du, zarataren erresonantzia moteltzen duena eta konfort akustikoa areagotzen duena. Teknologia horrek ibilgailuaren barruan hautemandako zarata-maila %20 inguru murrizten du, markaren arabera.

Konpainiak nabarmendu duenez, faktore hori bereziki erabakigarria da ibilgailu elektrikoetan, zarata-iturri nagusia pneumatikoen errodaduratik baitator, eta ez motorretik. Gaur egun, teknologia hori behar duten Gasteizko eta Valladolideko lantegietan egindako pneumatikoak Europako beste fabrika batzuetara eramaten dituzte, poliuretano-aparra eransteko.

Gasteizko instalazio berriarekin, urtean 800.000 pneumatiko inguru Europako fabrika horietara itzultzea saihestuko litzateke, eta, ondorioz, garraioak sortutako CO2 isuriak murriztuko lirateke.

Aurreikuspenen arabera, 2024. urtearen hasieran ekoizpenarekin hasiko lirateke eta horretarako hamabi langile berri kontratatuko lituzkete.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK