Mondragon Assemblyk ATP erosi du

Elikagaien 'packaging'-aren arloan sartzeko urrats estrategikoa egin du, enpresaren %100 bereganatuta

Argazkia: Mondragon Assembly
Argazkia: Mondragon Assembly
2026eko otsailaren 20a - 14:35

Mondragon Assemblyk ATP Engineering & Packaging enpresa katalana erosi du, packaging sektorean hazkundea bultzatzeko. Operazioaren bidez, Aretxabaletan egoitza duen kooperatibak bere gaitasun teknologikoak osatuko ditu eta negozioa dibertsifikatzeko estrategian aurrerapauso bat emango du, bereziki, elikagai-industriarako picking- eta kaxaratze-lerroen fabrikazioan barneratuta.

 

ATP Barberà del Vallèsen dago eta 60 langile ditu. Hiru hamarkadako ibilbidean, ontziratze-makineria eta ekoizpen-lerro osoak garatu ditu, elikadura, higiene, kosmetika eta etxeko sektoreetarako. 12 milioi euroko fakturazioa lortu du, eta salmenten erdia inguru nazioarteko merkatuetan egiten du, batez ere Europan.

Bi konpainiek nabarmendu dute euren jardueren arteko osagarritasuna handia dela, eta elkarrekin etapa berri bati ekingo diotela merkatuan hazteko eta produktu berriak garatzeko. Erosketari esker, Mondragon Assemblyk sektorean esperientzia duen talde bat eta bezero-sare sendoa eskuratzen ditu; ATP, berriz, nazioarteko presentzia duen talde industrial batean integratuko da, baliabide eta finantza-ahalmen handiagoarekin.

 

Erosketa atzo, otsailaren 19an, sinatu zen Bartzelonan, bi enpresetako ordezkarien presentziarekin. Mondragon Assemblyko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “proiektu bateratu honek berrikuntzan eta oparotasun iraunkorrean oinarritutako ondarea utziko du etorkizunerako”. Operazioan LKS Corporate & Legal aholkularitza arduratu da.