Mondragonek berretsi du Ulma eta Oronaren erabakia "errespetatzen" duela

"Etapa berri bati" ekin diola azpimarratu du, eta bidean "bilakaera positiboa" opa die Oñatiko eta Hernaniko kooperatibei

Argazkia: Mondragon Argazkia: Mondragon

Bai Ulma, bai Orona ez dira Mondragon taldearen kide izango hemendik aurrera, bazkideek hala erabakita. Lehenengoan % 71,9k bozkatu dute ateratzearen alde, eta bigarrenean % 80k. Emaitzaren aurrean, Mondragonek azken asteetan izandako diskurtsoari eutsi dio, bi kooperatiben erabakiak "erabat errespetatzen dituela" plazaratuta. "Bilakaera positiboa" opa die "enpresa-proiektuei" eta "eredu kooperatiboari" dagokienez.

Hemendik aurrerakoa "etapa berri" gisa definitu du taldeak, "interkooperazio eta elkartasun balioetan" arreta jarriko duena. "Ilusio-mezua" ere helarazi nahi izan du, "konfiantza" baitu, besteak beste, "negozioen bilakaera positiboan" eta "eredu kooperatiboan".

Instituzioetatik ere errespetua

 

Instituzioen diskurtsoetan denek jaso dute erabakia errespetatzen dutela. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi du "jarduera kooperatiboa indartsua izaten jarraituko duela". Are gehiago, errealitate berri horretan alde guztiei "elkar errekonozitzea" egokituko zaiela nabarmendu du.

 

Javier Larrañaga Ekonomia Sustapenerako Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak "zorterik onena" opa nahi izan die Hernaniko eta Oñatiko kooperatibei, baita Mondragon taldeari ere, denak "funtsezko eragileak" izanik. Era berean, kooperatiba ereduak Gipuzkoari eginiko "ekarpena" nabarmendu nahi izan du, haren balioak "lurraldearenak" baitira, eta begirada etorkizunean jartzeko aldarria egin du, "ongizatea eta gizarte kohesioa bermatzeko".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK