Ribabellosako Talgoren lantegian abiadura handiko trenak egingo dituzte Le Train konpainiarentzat

Bi konpainiek Frantziako merkatura egokitutako abiadura handiko trenen flota bat garatzeko akordioa sinatu dute Bordelen

Argazkia: Le Train Argazkia: Le Train

Hainbat hilabetez negoziazio lanetan aritu ondoren, Le Train Frantziako tren operadoreak eta Talgok bat egin dute abiadura handiko trenen flota berri bat garatzeko. Sinatutako akordioaren arabera, abiadura handiko hamar treneko flota egingo du Talgok, Frantziako merkatura egokituta eta Talgoren Avril trenen plataforman oinarrituta. Tren modelo horren berrikuntza, fidagarritasun handia, ekipamenduen kalitatea, energia errendimendua eta diseinu modernoa izan dira Le Train erakarri dutenak. Jada dagozkion kontratu guztiak sinatu dituzte eta akordatutako lehen hamar trenak Ribabellosan (Araba) egingo dituzte, 2023ko lehen seihilekoan hasita. Aurreikuspenen arabera, 2025 urte hasieran prest egongo lirateke tren guztiak.

Horretaz gain, Talgo arduratuko da tren horien mantentze lanez ere, eta aukeren artean dago Akitania Berrian ikerketa eta garapenerako unitate bateratu bat sortzea ere, etorkizuneko mugikortasunari begira tren berri gehiago egiteko.

“Talgok epe luzerako akordioa sinatu du Le Trainekin eta horrek Pirinioen iparraldera zabaltzeko aukera paregabea eskaini digu. Ziur gaude Le Trainek lan bikaina egingo duela trenbide sarea trantsizio ekologikora egokitzerako garaian”, azpimarratu du Carlos Palacio Talgoko patenteen presidenteak.

Alain Getraud Le Traineko zuzendari nagusiak, bere aldetik, akordioak Akitania Berria, Bretainia, Loirako Herrialdeak eta Loirako Zentro Harana abiadura handiko tren-bidaiekin lotzea ahalbidetuko diela adierazi du, Talgorekin akordio garrantzitsua sinatu dutela gaineratuz. “Talgo aukeratu dugu, Europako fabrikatzaile nagusietako bat, punta-puntako teknologia industriala eta ekoitzitako ekipoen bikaintasuna bermatzeko behar den sendotasun industriala dituena. Talgok proposatutako neurrira egindako diseinuari esker, esperientzia paregabea garatuko dugu bidaiariarentzat, batez ere, aisialdiko eta kiroletako materiala garraiatzeko aukera ere eskainiko dugulako, hala nola, bizikletak edota surf taulak. Modu jasangarrian egindako trenak izango dira, karbono isuri gutxiko mugikortasunaren alde”, azaldu du Getraudek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK