Tubacexek maiatzaren 28an egin zuen Akziodunen Batzar Orokorra, eta bertan zehaztu zen zenbateko dibidenduak banatuko zituen enpresak. Gaur, CNMVri (Balore Merkatuen Batzorde Nazionala) jakinarazi dionez, akziodunek bi aukeren artean erabaki ahal izango dute: dibidenduak kobratzea ala Tubacexen akzio berriak jasotzea. Hori bai, CNMVri zehaztu dionez, gehienez ere konpainiak 6,3 milioi euro banatuko ditu; era berean, enpresak gehienez ere 2.008.718 akzio berri eskaini ahal izango ditu.
Akziodunek doako esleipen-eskubidea ere izango dute: 63 akzio zahar dituen bakoitzak akzio berri bat jaso ahal izango du. Aldiz, dirua berreskuratzearen alde egiten duenak 0,05 euro jasoko ditu akzio bakoitzeko, edo beste era batera esanda, 5 euro 100 akzioren truke.