Erosteko aitzakirik gabe, eta ez erosteko arrazoi bila

Blue Monday, Black Friday, Ciber Monday, Single’s Day. Egun horien guztien sorrerak ez du zerikusirik gaur egun duen helburuarekin. Adibidez, Black Friday terminoak Filadelfian du jatorria. Thanksgiving edo Esker-emate Egunaren ondoren, ohikoa zen saltokiek beherapenak eta eskaintzak jartzea, eta horrek sekulako trafikoa sortu ohi zuen. 1961an, auto-ilara luzeak egon ziren Filadelfiako hirian, alde batetik, jendea gabonetako erosketak egitera joan zelako eskaintzak aprobetxatuta eta, bestetik, kirol ekitaldi jendetsu baten ondorioz. Egoera horrek kaos izugarria eragin zuenez trafikoan eta poliziak ezin izan zuenez behar den bezala kontrolatu, ostiral hori izendatzeko Black Friday erabiltzen hasi ziren. Urteen poderioz, kontsumoa sustatzeko marketin-tresna bilakatu da.

Eta kontsumitzaileok nola jokatzen dugu 'eskaintzen' bonbardaketaren aurrean? Datuek diote batez besteko gastua 208 euro ingurukoa izango dela, aurreko urtean baino ia 50 euro gehiago. Gainera, erosleen %65ek beren dirua moda-produktuetan, oinetakoetan eta osagarrietan gastatuko du, %50ek elektronikan, %30ek jostailuetan eta %25ek etxetresna elektriko txikietan. Horrez gain, OCUren arabera, Espainiarren %15ek bakarrik du denda fisiko batean erosteko asmoa, %35ek online bakarrik, %30ek online dendari emango dio lehentasuna, eta %21ek denda fisikoetan eta Interneten.

Eta zer dio gure garunak? Deskontua eskaintzen digutenean, barne-eztabaida sortzen da, mesfidantzaz beterikoa, kostu ekonomiko txikiagoak dakarren erakarpenaren eta hain merkea den zerbait erosteak ekar dezakeen benetako kostuaren artean. Deskontuak aukera edo zentzurik gabeko gertaera gisa ulertzen ditugu. Baina eskaintzen kanpoko beste zenbait faktorek uste baino gehiago eragin dezakete: marketin-kanpainetako estrategek ongi ezagutzen dituzten ikusmen- edo ezagutza-estimuluek, adibidez. Badirudi ez garela hain libreak erosketa erabakiak hartzerako garaian.

Ez dakit zuek, baina askotan zerbait erosi nahi dudanean eta eskaintzak iristen direnean orainaren presio handia sumatzen dut erosketa lehenbailehen egiteko, nahiz eta argi jakin produktuak beste une batzuetan eskaintzak izaten jarraituko duela eta agian merkeago. Etengabe kontsumitzera bultzatzen ari den gizarte batean bizi gara. Publizitateak eta marketin-kanpainek txundituta uzten gaituzte, beren produktuak beharrezkotzat aurkezten dituzte, eta, gainera, merkeago erosteko onura goraipatzen dute, eskaintza on hori galtzeko beldurra sartu nahian. Horrek, herritarrak une horretan bertan erostera bultzatzen ditu, beherapenak denbora-muga bat duela aitzakiatzat hartuta, erosketari buruz hausnartzeko duzun denbora laburtuz eta bulkada gainditzea zailduz.

Gainera, estrategia horiek guztiek enpresa handiei baino ez diete laguntzen; izan ere, estrategia horietara atxikitzen dira enpresa txiki asko bezeroak ez galtzeko, eta horretarako deskontuak egiteko beraien marjinak asko estutzen dituzten, askotan galerak sortuz. 

Ez dakit zer egingo duzuen zuek, baina nik aurten, aldarrikapen gisa, Giving Tuesday mugimenduarekin bat egingo dut. Mugimendu global horrek proposatzen duena zera da: astearte bat eskaintzea mundu osoan (aurten, azaroaren 28a), elikagaiak, dirua, denbora (boluntarioak) edo bigarren eskuko objektuak emateko ekintza ospatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK