Inbertsioen diru-iturrien itxitura

Udara bukatu eta udazkena ate joka dugu. Su artifizial guztiak erreta, egunerokora itzultzeko garaia da eta ez da samurra izanen bizi izan ditugun egunen ostean. Azken berrien arabera dena okerrera doa, katastrofista izaera modan jarri da eta datozen euriteei aurre egiteko katiusken salmentak nabarmen egin du gora. Prestu dira gauzak enpresa munduan ere. Aurreko artikulu batean aipatu genuen, baina udara osteko zifrek berretsi egin dute esana: mundu mailan bildutako inbertsio-funtsen %23 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, hamarkada batean izan den jaitsiera handiena. Analistek erronka aurreikusi dute, non zailagoa izango den kapitala lortu eta balorazioak puztea.

"Okerrenerako prestatu behar da". Horixe izan zen Y Combinator enpresak joan den udaberrian ekintzaileei bidali zien mezua. Enpresak, Stripe, Aribnb edo Coinbase bezalako teknologikoetan inbertitzeagatik ezagun denak, datozen hilabeteetan kapitala eskuratu nahi edo behar duten enpresentzako eszenatoki grisa marraztu zuen. Ez dira garai errazak izanen, krisiaren lehen notak entzun ditugu iada eta zuhurtziak behar du izan datozen hilabeteetako joera nagusia: soberakinak baztertu eta zainetan errentagarritasuna darion negozio osasuntsu eta errealak eraiki.

Sortzen ari diren enpresetan egindako kapital-inbertsioa jaitsi egin da bi hiruhilekotan jarraian, eta urtarriletik martxora bitarte %20ko atzerakada erregistratu zen, azken sei hiruhilekotan etengabe hazi ondoren. Beherakada orokorra den arren, zifrak aldatu egiten dira kontinenteen arabera. Europan, inbertsioa historikoki txikiagoa den arren, %13 jaitsi da hiru hilabetean, eta 22.500 milioi euro inbertituz guztira. Estatu Batuetan eta Asian, ordea, atzerakada handiagoa izan da, %25eko beherakadarekin.

Azken bi urteetako erritmoak ez du aurrekaririk izan Europako arrisku-kapitalean, balorazio altuak eta itxiturarik gabeko diru-iturri oparoa izan dute enpresek. Azken bi urteetan, arrisku-kapitala finantziazio iturri izan duten enpresen hazkunde-planak bortizki azkartu dira, eta haien balorazioak nola igotzen ziren ikusi zutenek, orain baldintza gogorragoei egin beharko diete aurre, gastu eta kostuak luparekin aztertzeraino. Urte amaierara arte gelditzen zaigun bitarte honetan, beraz, merkatuan zuzenketak izango dira eta litekeena da kaleratze-masiboei, beheranzko joerei eta balorazio murrizketei buruzko albisteak nonahi irakurtzea.

Orain artean tentuz finantzatu diren eta diru-kaxa ondo zaindu duten enpresek ez dute zertan arduratu. Negozio-eredu jasangarri eta berritzaileak eraiki behar ditugu, txikitik estruktura ekonomiko jasangarriak sortu eta gutxinakako hazkunde baten alde apustu egin. Orain arte balioan jarri diren aldagaiak bigarren plano batean geldituko dira (ideia, lan-taldea, eskalabilitatea…) eta EBITDA ospetsua positibizatzen duten enpresak erakargarriago izango dira inbertsiogile eta ekosistemarentzat.

Zaindu sakelak, eta jantzi katiuskak!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK