Inteligentzia artifizialarekin elkarrizketa

Dalle-2 edo GPT3 bezalako adimen artifizialak ikertzen eta garatzen dituen OpenAI konpainiak ChatGPT merkaturatu berri du aurreko astean, eta erotzeko moduko aplikazioak atera eta atera ari da jendea. Testu bidezko elkarrizketa sortzen duen inteligentzia artifizial (IA) eredu berri bat da eta aurreko esperientzietan oinarrituta, OpenAI-k txataren erantzunak asko optimizatzea lortu du. Orain sareetan ez da beste ezeri buruz hitz egiten, aukera sektorial berriak deskubritzen ari dira eta orain arte manualki egiten ziren hamaika egiteko automatizatzeko aukera ematen ari da. 

Aurreko astean merkaturatu eta dagoeneko milioi bat erabiltzaile baino gehiago lortu ditu aplikazio honek; 5 egun baino gutxiagoan. Teknologia honen arrakasta neurtu eta ulertzeko, oso erabiliak diren beste teknologia batzuek milioi bat erabiltzaile lortzeko behar izan duten denborarekin alderatuko dut: Netflixek 3 urte eta erdi, AirBnBk 2 urte eta erdi, Facebookek 10 hilabete, Spotifyek 5 hilabete, Instagramek 2,5 hilabete eta Iphoneak 74 egun. Txat honek 5 egun besterik ez. Oraingoz, ChatGPT proba fasean dago, probatu eta sistema hobetzen jarraitzeko balioko duen fase batean. Erabiltzaileek, bilaketa bakoitzeko jasotzen duten erantzunaren baitan, iruzkinetan oinarritutako balorazioak egiten dituzte eta horrela erabiltzaileek beraiek balioztatuko dute teknologia eta inteligentzia artifiziala. Era berean, datu-bilketa hori errazteko, ereduaren lehen bertsio hau mundu guztiarentzat dago eskuragarri eta doan. OpenAIn kontu bat sortu besterik ez da egin behar.

Orain arte emandako erabilpenean hainbat mugaketa topatu zaizkio erramintari. OpenAIren webgunean bertan ohartarazten dute oraindik ez dela sistema perfektua, oraindik ikasten ari baita, eta, beraz, ChatGPTk erantzun okerrak edo erabat egiazkoak ez diren erantzunak eman ditzake. Gauza bera adierazten dute tresnara sartzean: “sistemak noizbehinka informazio okerra edo engainagarria sor dezake, eta eduki iraingarria edo alderdikoia sor dezake”. Gainera, ez du aholkurik emateko asmorik.

Mugak muga, milaka eta milaka erabiltzaile ari gara egunero erraminta honen aukera berriak topatzen; artean, email bat idazteko eskatu, bilaketa zehatz bat egin, gai baten inguruko aldeko eta kontrako argudioak eman, kontratu bat diseinatu, legedi baten laburpena egin, nobela baten amaiera proposatu, tweet berri bat idatzi, etab. Erramintak oraindik mugak baditu ere, litekeena da etorkizunean aholkuak ematea, testuetatik abiatutako irudiak proposatzea, bideoak edota audioak.

Merkaturatu den teknologia hau hasiera besterik ez da. Laster iritsiko dira inteligentzia artifizialean oinarrituriko bestelako teknologiak eta paradigma aldaketa eragingo du sektore askotan. ChatGPT bezalako tresna bat enpresa munduan aplikazio asko izan ditzake, hala nola marketin digitalean, sareko edukien sorreran, bezeroarekiko zerbitzu-kontsultetan, baita garatzaileei kodea garbitzen laguntzeko ere.

Gutxik dakitena da Silicon Valleyko Sam Altman eta Elon Musk ezagunek irabazi asmorik gabeko erakunde gisa sortu zutela OpenAI, eta gerora beste inbertitzaile batzuen funtsak erakarri zituztela, tartean Peter Thiel edota Reid Hoffman -LinkedInen sortzailea- ezagunak barne. Dirutza inbertitzeko edo erakartzeko gai diren pertsonak izango dira lehenak inteligentzia artifiziala erabiliz baliogarri diren lehen aplikazioak eraikitzen, azken hau bezala, baina bi urteren buruan teknologia normalizatu eta teknologiaren loraldia hasiko da. Eskerrak oraindik ere artikuluok eskuz idazten jarraitzen ditugun…edo ez?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK